"Nire buruaren bertsiorik onena ematen saiatzen naiz beti"
Ane Olaeta gernikarrak bost urte daramatza AEBetan bizitzen, ikasketa eta kirol beka bat tarteko. D1 saskibaloi ligan jokatzen du, CBU taldean, eta, aurten, liga horretako urteko jokalari onenaren saria eskuratu du.
Nondik dator atzerrira bizitzera joatearen jatorria?
Hasieran, aukera iritsi zitzaidanean, zalantzaz beteta agertu nintzen. Are gehiago, ez nuen batere argi ikusi, eta, ezezkoa ematera ere iritsi nintzen. Izan ere, betidanik etxetik hurre egotea gustatu izan zait; zelan edo halan, etxezulo samarra izan naiz betidanik, eta beldur edo bertigo handia eman izan dit, nolabait, etxetik kanpora joateak. Hortaz, urrats handia izan zen niretzat AEBetara bizitzera joatea, eta gehiago bakarrik joango nintzela jakinda. Dena dela, denborak kontrakoa irakatsi dit, eta, egun, oso harro nago egindako urratsaz, erabaki egokia hartu nuela uste baitut.
Zeri esker gainditu zenituen zalantzak?
Zerbaiti esker baino, norbaiti esker izan zen. Batez ere, familiaren bultzada igarri nuen; aukera hura aprobetxatzeko gomendatu zidaten. Halaber, nire nebari kasu egin nion, hura izan zelako gehien animatu ninduena, atzerrira bizitzera joateko aukera suertatu zitzaidanean.
Zeintzuk dira bost urte kanpoan bizitzearen alderdirik ederrenak eta eskasenak?
Bost urtetan gauza asko pasatu daitezkeela ulertzen ikasi dut. Horietatik guztietatik onenak izan dira, besteak beste, beste kultura bateko ezaugarriak zeintzuk diren ikastea, ezagutu dudan jende guztia eta zenbat hezi naizen bai pertsona, bai saskibaloi jokalari modura. Alderik txarrena, ostera, kanpoan bizitzean etxekoak faltan botatzea eta, sarri, bakarrik sentitzea dira.
Euskal Herriagaz hartu-emana mantentzen al duzu? Zelan harremantzen zara lagunekin edota familiagaz?
Bai, noski. Komunikazio hori mantentzea oso garrantzitsua da niretzat. Gurasoekin egunero-egunero egiten dut berba Watsapp bitartez; gainera, domekaro Facetime bidezko sesioak ere egiten ditugu. Lagunekin ere Whatsapp eta bestela Instagram bidezko komunikazioa ahalik eta modurik erregularrenean mantentzen dut, ordu aldaketak, sarritan, buruhausteak ematen dizkigun arren.
Zer zabiltza ikasten? Nolakoa da atzerrian ikastea?
Iaz graduatu nintzen Liberal Studies izeneko graduan. Irakaskuntza ikasketen antzekoa da. Orain masterra egiten ari naiz: International Education. Ikasketen kontua, lehenengo urtean, apur bat gaitza izan zen, ingelesa ez nuelako hain ondo menperatzen, baina hurrengo lau urteetan ederto egokitu naiz.
D1ean maila handiko jokalariak daudenez, pozik hartu dut ligako onenaren saria
Non bizi zara zehazki?
Riverside izeneko herri batean bizi naiz. Egia esan, hemen ez dago gauza askorik egiteko aukerarik, baina, apur bat mugituz gero, aukerak biderkatu egiten dira; esate baterako, Los Angeles hurbil samar dago, eta han gura beste gauza egin daitezke.
Nolako taldea da CBU?
Garapen prozesuan bete-betean sartuta dagoen taldea da. Izan ere, ni etorri nintzen urtean, taldea bigarren mailan zegoen, baina urtez urte hobetzen eta apurka-apurka mailaz igotzen joatea lortu dugu, eta bigarren urtean, halaber, lehenengo mailara saltoa egin genuen. Lantalde oso polita da, baita lehiakorra ere.
Aurtengo D1 liga amaitu berri duzue. Zelan joan da?
Lehiaketa gogorra izan da, zalantza barik; maila oso handia da. CBUk sailkapeneko hirugarren postuan amaitzea lortu du. Berez, emaitza oso ona den arren, gure helburuak are hobeak ziren, eta, horrenbestez, liga ez dugu gura genuen besteko asebeteta amaitu.
Baina, dena dela, urteko jokalari onenaren saria eman dizute.
Bai. Sariketa hori oso pozarren hartu dut, esan dudan legez, ligako jokalarien bataz besteko maila oso handia baita, eta ez delako inondik inora erraza tankera horretako sari bat eskuratzea. Oso harro eta eskertuta nago titulu hori niri eman izanaz.
Lan gogorraren saria al da?
Baietz esango nuke. Etxean beti esan izan didate helburu bat lortu gura izanez gero, gogor lan egin beharra dagoela. Hori dela eta, gazte-gaztetatik izan dut ohitura egiten dudana egiten dudala, posible dudan mailarik hoberenagaz egiteko. Nire buruaren bertsiorik onena ematen saiatzen naiz beti. Aitortu behar dut oso gutxitan egoten naizela pozik egiten dudan lanagaz. Horrek, jakina, ondorio oso desberdin bi dakartza: batetik, batzuetan, etxekalte jokatzera narama, inor ez baita perfektua eta inork ez baitu guztia modu ezin hobean egiten; bestetik, baina, nire mailarik onena ematera ere eroaten nau, eta hori oso garrantzitsua da niretzat.
Nire egunerokoa saskibaloiaren inguruan antolatzen saiatzen naiz
Zelan uztartzen dira ikasketak eta saskibaloia? Kirolari modura, laguntza edo erraztasunik ematen al dizute?
Sarri, gauza biak ganoraz aurrera ateratzea zaila da, baina dena diziplina kontua dela esango nu-
ke. Irakasleak oso jatorrak dira kirolariekin, hurreko komunikazioa mantentzen dute, eta hurbiltasun hori oso lagungarria izaten da, batez ere, kirolaria eta ikaslea den pertsonaren errealitatea hobeto ulertzeko.
Ikasketa eta kirol bekak boladan daude. Nolakoa izan zen zure kasua?
Lagun batek esan didan atzerrira zihoala eta berari lagundu ziotenak nigaz harremanetan jarri gura zutela, atzerrira joateko bekaren aukera plazaratzeko. Pa-ssion Hoops deitzen da enpresa, eta bersuak aiek lagundu zidaten prozesuagaz: CBUgaz hartu-emanetan ipini ziren, eta gero ni neu hasi nintzen CBUko entrenatzaileagaz harremantzen.
WNBAtik kanpo, emakumezko saskibaloi jokalariek ba al dute aukerarik goi-mailan aritzeko?
Ez. AEBetan, unibertsitatea eta gero, WNBA edo atzerrira joatea dira emakumezko saskibaloi jokalarien aukera bakarrak. Ez dago bigarren mailarik, beste hainbat tokitan ez bezala.
Zertan desberdintzen dira AEBetako eta hemengo saskibaloia, joko aldetik? Horkoa fisikoagoa da, beharbada?
Entrenatzailearen arabera jokoa desberdina da talde denetan. Baina alderik handiena izaera fisiko hori da, bai. Niri bi joko mota horiek gustatzen zaizkit, eta ezin izango nizuke esan zein dudan gurago.
Lointek Gernika Bizkaiaren lorpenak jarraitu al dituzu?
Bai. Betidanik jarraitu izan ditut beraien urratsak. Gutxinaka-gutxinaka, Lointek Gernika Bizkaia hazten joan da urtero, eta esango nuke taldeak etorkizun oso oparoa duela aurretik.
Marta Alberdi da Lointekeko gernikar bakarra. Ikusten duzu zure burua etxeko taldean?
Gernika beti izango da nire bihotzeko taldea. Bertan sortu naiz, eta beti hartu naute besoak zabalik. Hortik aurrerakoak, etorkizunak argituko ditu.
Ikasketak eta goi mailako kirola aurrera ateratzea diziplina kontua da
Jokalari profesionalaren bizimodua duzu?
Bai. Nire egunerokoa, gehienbat, saskibaloiaren inguruan antolatzen dut: goizez entrenatzen dugu, 07:00etan pisuak altxatzen; 07:45etik 10:30era arte, kantxan. Gero, bazkaltzera joaten naiz, 12:00etan. Masterreko eskolak arratsaldez izaten ditut.
Zein da nazioartean atseginen duzun jokalaria eta taldea?
Ricky Rubio eta Luca Doncic, beraien jokoagatik; talde kuttunik, baina, ez dut batere. Saskibaloia ikustea gustatzen zait, inpartzialtasunez.
Nora eroango zaitu etorkizunak?
Argi daukat saskibaloian jokatzen jarraitzeko asmoa daukadala, baina ez dakit zehazki non. Aukeran, etxetik hurrerago jokatu gura nuke.