Hitzez eta ekinez babestu du euskara Busturialdeak
Korrika hauspotu zuten euskara Busturialdeko herritarrek. Emozioz betetako eguna izan zen atzokoa, ezustekoz, alaitasunez eta kolorez betetakoa. Aurrera doa 22.Korrika, eta aurrera doa euskara.
Euskararen aldeko ekimen erraldoia da Korrika, bakoitzaren etxera ailegatzear dagoenean urduritasunak eta emozioak pizten dituena. Joan den eguenean Amurrion abiatu zen 22. lasterketa, Donostiarantz, eta ttipi-ttapa, ttipi-ttapa kilometroak gehitzen ari dira herritarrak. Hain zuzen ere, korrika hauspotu zuten euskara atzo Busturialdeko herritarrek. Aurrera doa lasterketa, eta aurrera doa euskara.
Bakiotik iritsi zen lekukoa atzo Bermeora, 1794. kilometroan. Lekukoa eskuetan hartzen lehenengoak izan ziren Arrolape Mendi Taldekoak, eta bertoko mota guztietako eragileen eskuetatik igaro zen Lea-Artibain sartu zen arte. Bedaronan, Ea, Natxitxu eta Bedaruko EH Bilduko kideak izan ziren Lea-Artibaiko Euskal wikilarien kultura elkarteari lekukoa ematearen arduradunak.
1794. kilometrotik 1839. kilometrotara, asko izan ziren korrikaren aldeko aldarriak, mezuak, kantuak eta esanak. Dantza egin zuten kilometro batzuetan, mozorrotu egin ziren beste batzuetan, eta sorpresak ere izan ziren. Guzti horiek aurrez aurre ikusi zituena izan zen Otsanda Bilbao Arenaza Bermeoko AEK-ko kideak. Lehenengoz aritu zen esatari lanetan, gehienetan furgonetan joan ohi izan baita, eta esperientzia “ona bezain osoa” izan dela dio: “Oso ondo pasatu dut”.
Herritarrek lekukoa ze pozik hartzen zuten ikusteak poztasuna transmititu zion berari ere. Izan ere, ezagun asko izan zituen aurrez aurre: “Bermeon gehienak ezagutzen nituen, baina beste asko ez. Lekukoa daramatenak ezagutzeak hurbiltasuna ematen du, baina horiek ez ezagutu arren ere, eurekin hartu-emana edukitzea bilatu dut. Korrika zihoazenei zerbait esatea, barre bat ateratzea zen nire asmoa; lasterketa arintzea, alegia”. Busturialdean aldapa asko daude, eta lekukoa gora eta behera zihoan, eta kilometro horiek egin zituztenei barre bat atera zien bermeotarrak.
Jendearen parte hartze ikaragarria azpimarratu du AEK-ko irakasleak: “Jendeak euskara babesteko gogoa zeukan; gogotsu ikusi nituen denak. Pandemiaren geldialdiak Korrikara ateratzeko gogoa piztu du. Ikaragarria izan da, jende asko egon da leku danetan”.
Ezustekoak.
Kirolarien talde desberdinek hartu zuten lekukoa eskualdeko lehen kilometroetan. Arin eraman zuten, arazo barik, eta Bermeoraino eraman zuten. Kostako herriko eragile, ikastetxe eta taldeko ordezkarien eskuetatik igaro ostean, Artza parean erraldoien esku geratu zen euskararen aldeko mezua daraman lekukoa. “Azken urteetan legez, oraingoan ere erraldoiak atera dituzte. Asko gustatzen da, eta ohitura bihurtzen ari da”, azaldu du Bilbaok. Aldarrikapenak ere ez ziren falta izan Bermeon, greban dauden udal eraikinetako garbitzaileek euren egoera plazaratu baitzuten.
Sarrera berezia egin zuen lasterketak Mundakan. Mundaka Arraun Taldeko arraunlariak batela aldean eta lekukoa eskuan zutela sartu ziren kostako herri txikian. Korrika ortozik ere egin zezaketela erakutsi zuten mundakarrek. Oinetakoak lotzeko eta oinei libre uzteko dio Korrikako aurtengo abestiak, baita belarretan ortozik ibiltzeko eta bidean aurrera egiteko ere. Eta azken horri kasu egin zion Edorta Jimenezek. “Txankletekin hasi zen korrika, eta esan nion horiekin ezin dela gustura egon. Esana entzun eta kendu egin zituen”, azaldu du Bilbaok. Atorren eta lamien presentzia ere egon zen 22. Korrikan, ohi legez.
Adinik ez dago korrika egiteko, eta hori erakutsi zuten Busturiko Arrotegi zaharren egoitzakoek. Gurpildun aulkietan ere animatu ziren euskararen alde egitera.
Euskal dantzez ere gozatu zuten Busturialdean. Busturiko, Foruko eta Muxikako Basotxoritxu dantza taldeko dantzariek euskal dantzak egiteko aukera izan zuten, Busturian, Foruan eta Gernikan, hurrenez hurren. Korrika gelditu eta lekukoa eskuan zutela dantzatu zuten batzuek eta besteek.
Gernikara sartzerakoan, Sidneyko Euskal Etxekoen euskararen aldeko aldarria entzun zen, Korrikak duen aniztasunaren seinale. Euskararen eta kulturaren trasmisioan eredu diren Enbeitarrek ere hartu zuten lekukoa, Muxikako Garriko Bertsolari Elkartearen izenean.
Euskarak gune seguruak eta arnasguneak behar dituela aldarrikatu zuten Astrako kideek, eta errefuxiatuen eskubideak defendatu zituzten Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoek. Udalerrian, txalo, irri eta kolore artean egin zuten korrika herritarrek.
Gernikatik Arratzura abiatu zen euskararen aldeko ekimena, eta Busturialdeko suhiltzaileak zituen esperoan lasterketak. Ikurriña zabalduta, Korrikan parte hartzen ari zirenak ureztatu zituzten suhiltzaileek, eta jarraian, ipuinetako pertsonaiek hartu zuten lekukoa.
Kortezubin, Ekaitz Clemos Arrien AEK-ko kide eta aurtengo 22. Korrikako furgonetako gidarietako batek ibilgailutik salto egin zuen, familiarekin korrika egiteko. Belaunaldiz belaunaldi, euskararen transmisioa bermatu beharra dagoela erakutsi zuen irakasleak.
Ibarrangelurako bidean, 1829. kilometroan, Nabarnizko Udaleko kideak jarri ziren lasterketa buruan, eta Pablo Gonzalez Pavel kazetaria askatzeko eskatu zuten. Polonian dago behin behineko espetxealdian,”espioitza” leporatzen baitiote.
Bide guzti horretan zehar, denentzako kontu bat edo beste izan zuen Bilbaok, eta Busturialdeko herritarrek ondo erantzun zutela diote: “Gure eskualdea abila da horretarako. Hartu-eman ona egon zen, interakzioa bilatu nuen, eta hori bermatzen saiatu nintzen. Izan ere, furgonetatik korrikalarien izenak esateak motibatu egiten du”. Jendetza ikusten zuen handik, eta ikaragarria izan zela dio. “Herrietan jendetza batu zen, bideetan gutxiago, baina eskualdeko herritarren erantzuna bikaina izan zen”. Bedaronara ailegatzerakoan, bajatu eta txalo zaparrada jaso zuen AEK-ko irakasleak.
Aurrera begira.
Kilometroak pasatu dira, baina helburuak berbera izaten jarraitzen du: euskararen alde egitea, euskara babestea, euskara erabiltzea eta euskararen etorkizuna bermatzea.
“Korrika egin zuten guztiek euskaraz egingo balute, euskara babestuta edukiko genuke eskualdean. Baina jende asko dago, eta ni bat, beti euskaraz egiten ez duena”, adierazi du AEK-ko irakasleak.
Horregatik, egunerokotasunean ere euskarari ekin behar zaiola dio, dakitenek egin ezean inork egingo ez duelako: “Guri gure guraso eta aiton-amonek eman diguten altxorra da euskara. Gure hizkuntza zaintzen urteetako lana egin dute gure arbasoek, eta eman egin digute. Horrenbestez, guk ere gure seme-alabei eman egin behar diegu. Ondo dago beste hizkuntza batzuk jakitea, baina gurea ezin dugu galdu, gurea erabili behar dugu. Guk egin ezean, zelan esango diegu beste batzuei egiteko?”.