Hiroshimako mina, ikusgai
Hiroshimako bonbaren ondorioak islatu gura izan ditu Shigeyoshi Kawakatsu artista japoniarrak kultur etxean ikusgai dagoen bilduman. Hiroshimako bizilagunen «infernua» du ardatz.
itzul iezadazue aita, itzul iezadazue ama; itzul iezazkidazue aitona-amonak, itzul iezazkidazue seme-alabak. Ni neu ere itzuli, giza arraza itzuli. Bizitzak –bizitza honek– diraueino, itzuli bakea, betiereko bakea. Hala dio 1951an Sanchiki Togek idatzitako Bonba atomikoaren poemak. Hiroshimako bonbari buruzko letrak dira, leherketatik bizirik atera zen japoniar poetak idatzitakoak.
Balio handia dute Togeren testigantza liriko horiek, gertatutakoaren ikuspuntu zuzena eskaintzen dutelako. Hain zuzen ere, poema bilduma hori da Genbaku shishu izeneko bonba atomikoari buruzko bere lehen obra. 36 urte zituela hil zen artista, biriketako odoljario baten ondorioz, bonba lehertu zenean jasan zuen erradizioagatik.
Artista horren berba horiek dira, hain zuzen ere, Gernika-Lumoko kultur etxeko bigarren solairura ailegatutakoan irakur daitezkeenak, Bonba atomikoaren infernua izenburupean daudenak, Shigeyoshi Kawakatsu artistaren Bonba atomikoaren infernua erakusketa gordetzen dutenak. Bilduma maiatzaren 2ra arte egongo da ikusgai, kultur etxeko ordutegian.
Erakusketaren egile Kawakatsu bonbardaketen lekuko izan zen haurtzaroan eta gaztaroan. Izan ere, Estatu Batuetako Armadaren Aire Indarrek Bigarren Mundu Gerran Tokion egindako bonbardaketak jasan behar izan zituen. Ondorioz, bonbardaketei buruzko informazioa batzen, dokumentatzen eta zabaltzen jardun du, baita irudikatzen ere.
Gaur gaurkoz, Politika Zientzietan doktorea da Kieleko Christian Albrecht Unibertsitatean, eta Sajoniako Estatuetako Gobernu Kontseiluko kidea ere izan zen Alemania bateratu ondoren; herrialde horretako energia sektoreko hainbat enpresaren buru izandakoa da.
2005az geroztik, Hiroshimaren bonbardaketa atomikoak eragin zuenari buruzko liburuak eta artelanak argitaratu ditu, eta hitzaldiak ematen jardun du, baita gerraren izuaren eta gaur egun hura bizi izan zuten pertsonek eta haien ondorengoek jasaten dituzten ondorioei buruz berbetan ere.
Hain zuzen ere, kultur etxeko erakusketan ikusi daitezkeen lanak bonbardaketa atomikoaren ondoren Hiroshiman «infernua ikusi» eta bizirik atera zirenen argazkietan oinarrituta daude. «Hiroshima bonba atomikoarekin bonbardatu zutenean, 1945eko abuztuaren 6an, ez zegoen udazkeneko zerurik, udako zeru garbia baizik, bat-bateko tximista batek hiri osoa infernu bihurtu zuen arte», azaltzen du erakusketan, eta, une horretara arte, pozik bizi ziren herritarrek bizitza galdu zutela gaineratzen du: «Pertsona askok, milaka herritar errugabe baino gehiagok, batez ere amek, haurrek eta ikasleek bizitza galdu zuten momentuan, eta ehunka eta milaka erradiazioaren eraginpean geratu ziren, handik gutxira hilez. Bizirik dirautenek oraindik ere horren ondorioak pairatzen dituzte».
Hiroshimaren eszena deskribapen guztietatik kanpo zegoela dio, hiria hondatu zutelako, hiriaren zati handi bat erraustuta zegoelako. Baina min hori transmititzen saiatu da pintorea.
Sei artelan handi
Kawakatsuren tamaina handiko sei artelan ikusi daitezke aretoan, bonbaren krudeltasuna bere horretan islatzen dutenak. Hiroshiman 1945eko irailaren 6an izandako bonbardaketa atomikoaren ondorengo lehen gaueko inpresioak jasotzen ditu obra horietako batean, baita HaKai –suntsipena japoniarrez– bera ere.
Genbaku kupularen hondarrak ageri dira beste batean, antzina merkataritza ganbera bezela erabiltzen zenaren irudia, hain zuzen ere; gaur egun, bonbardaketa atomikoaren sinboloa da. Bonba atomikoaren ondorio zuzena izan zen euri erradiaktiboa ere irudikatu du egile japoniarrak. Izan ere, leherketa gertatu eta ordubetera, euri beltz erradiaktiboa erori zen Hiroshiman.
Artistaren obrarik esanguratsuenetakoa da hildakoen eta zaurituen aurpegiak islatzen dituena, Hiroshimako biztanleek bizi izandako sufrimenduaren isla dena. Eta hori ere ikusgai dago.
Horiez gain, sugarrak jazarritako pertsona baten irudia ere ikusi daiteke, baita hiri horretatik bizirik atera zirenen siluetak ere, hildakoen artean nahastuta. Suteen aurkako ur-andeletan batuta ere ageri dira japoniarrak, sugarretatik babestea bilatzen zutenak: «Hamar mila pertsonak baino gehiagok erredura larriak jasan zituzten, eta ura bilatzen aritu ziren, suteen aurkako ur-tangetan burua sartuta, eta hil egin ziren. Ibaia gorputzez beteta zegoen».
Gertatutakoaz jabetzeko eta iragana ez ahazteko erakusketa da japoniarrarena, Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenean gerrez eta haien eraginez hausnartzea bilatzen duena. Udaleko ordezkariek herritarrak gonbidatu dituzte bilduma ikustera.