Apirilaren 25ean zabalduko dute Gaztelugatxerako bidea
Gehienez, 1.462 bisitari sartu ahalko dira egunean, txanda bakoitzeko 60 lagun inguru.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, apirilaren 25ean zabalduko dute Gaztelugatxeko San Juanerako bidea. Diotenez, mendi magala egonkortzeko egiten ari ziren lanak amaitu dituzte.
Iazko urtarrilaren 7an gertatu zen lurjausia, eta beste puntu batzuetan lur mugimendu txikiak ere egon direla jakitera eman dute. Lanak amaitu baino lehen, sarrerak kontrolatzeko sistema bat ezarri dutela azaldu dute, tiketak emateko sistema bat. Sistema horren bidez, bisitan doazen pertsonen kopurua arautu ahal izango da. Gehienez, 1.462 bisitari sartu ahal izango dira egunean, “pandemiaren ondorioz ezarri ziren edukiera mugak kendu ostean”.
Hamabost hilabetetan “hobekuntza ugari” egin dituzte guneko mendi magalean, “beste lur mugimendurik gerta ez dadin”. Lehenbizi goiko aldeetan egin dituzte hobekuntza lanak, Gaztelugatxera bisitariak pixkanaka heltzeko, eta gero, lur jausiak kalte gehien eragin zuen eremuagaz jarraitu zuten. Lanekin batera, bestalde, neurketa sistema bat ezarri dute, biotopoaren ezponda osoan gerta daitezkeen mugimenduak monitorizatu ahal izateko; hau da, lurra etengabe aztertuko da, bertaratzen diren pertsonen segurtasuna bermatzeko.
Uhartera iristeko bidea zabaltzeagaz batera, edukiera mugatuko dute. Orain arte uhartera sartu ahal ziren bisitarien kopurua “handitu” egin da, baina bisitarien gehieneko kopuru bat ezarriko da aurrerantzean. Eremu babestuak kudeatzen dituzten erakundeak batzen dituen Ecoparc Europako erakundearen txostena oinarritzat hartu dute gehieneko bisitari kopurua ezartzeko orduan: “Gehieneko edukierari esker orekatuta geratuko dira Gaztelugatxek duen interes turistikoa eta haren ingurumen babesa”. Halaber, bertara doazen pertsonak “seguruago” egongo direla uste dute.