Ohorezko Ligari eusteko "bi finaletako lehenengoa" Gernika RTrentzat
Ciencias Enerside hartuko du domekan Urbietan, 12:00etatik aurrera. Gernika RTk denboraldiko azken bi partiduak nahitaez irabazi beharra dauka, Ohorezko Mailari eutsiko badiote.
Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea bete-betean dago sartuta Ohorezko Mailari eusteko borrokan, liga amaitzeko jardunaldi biren faltan. Domekan, 12:00etan hasita, Ciencias Enerside taldearen kontra jokatuko dute basurdeek, Urbietan. Egoera beltz samarra da Gernika RTrentzat, baina talde gernikarreko entrenatzaileak, Eduardo Maidaganek, adierazi du “itxaropenerako arrazoi ugari” daudela. Izan ere, hamabi puntugaz, Ohorezko Mailako sailkapeneko azken postuan kokatuta egon arren, Gernika RTk CR La Vila bi puntura dauka taulan. Horrenbestez, Alacanteko taldeak egiten duena ere oso hurretik jarraitu beharko dute.
“Motibazioz gainezka” iritsiko dira basurdeak Urbietako bi finaletako lehendabizikora, Maidaganek azaldu duenaren arabera; izan ere, jokatu duten azken partiduan, Ohorezko Mailaren martxoaren 27ko 14. jardunaldian, C.P. Les Abelles taldea mendean hartu zuten, 24-26 irabazita. Garaipen hark emandako bultzadagaz eta ordutik egindako “lan garrantzitsua” ardatz izanda, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldea domekako partidura begira dago.
Maidaganek argitu du C.P. Les Abellesen kontrako norgehiagokan, garaipena eskuratu arren, “hobetu beharreko zenbait alderdi” igarri zizkiola lantaldeari, eta aste hauek ñabardura horiek guztiak fintzeko baliatu dituzte, ate joka dauden bi partiduak “hil ala bizikoak” baitira Gernika-Lumoko taldearentzat. Valentzian, “laino ilunak” ikusi zituztela dio entrenatzaileak: “Maila ona erakutsi genuen, baina partidua amaitzeko hamar minuturen faltan aurrea hartu ziguten, eta, azkenean, asko sufritu behar izan genuen norgehiagoka irabazteko”.
Azken bi partiduei begira, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeko lantaldea zenbait hutsunegaz iritsiko da Urbietara. Esate baterako, Andoni Martinez La Vilaren kontrako partiduan lesionatu egin zen; horrez gain, gainkargak eta traba fisiko txikiak dituzte zenbait jokalarik. Dena dela, Maidaganek adierazi du taldea “prest eta ondo” dagoela domekarako.
Urbieta, taldeagaz bat. Ligako azken bi arerioak, Ciencias Enerside eta SilverStorm El Salvador, “maila handiko taldeak” direla azaldu du Maidaganek: “Jokalari handiak dituzte, pisutsuak, baina oso bizkorrak, eta goi-mailako jokoa dute”. Azken bi partiduek duten garrantziaren jakitun, Gernika RTkoek bideo bat zabaldu dute, zaleak Urbietako norgehiagoketetara hurreratzeko eta taldeari babesa emateko eskatuz. “Gure mailarik onena ematen saiatuko gara, baina zale guztien berotasuna eta babesa behar dugu”, adierazi du Maidaganek.