Pello Bilbaok Itzuliko bere lehen etapa garaipena lortu du
Bahrain Victorious etxeko txirrindulari gernikarrak Laudio eta Amurrio arteko etapa irabazi du, hautagai nagusien arteko esprintean azkarrena izan ostean. Itzuliko bere zazpigarren parte-hartzean heldu zaio garaipena Bilbaori, eta bosgarren postura igo da, Roglic liderrarengandik hemeretzi segundutara.

Pello Bilbaok Itzuliko hirugarren etapa irabazi du, Laudion hasi eta Amurrion bukatu dena. Denboraldiaren lehen zatiko helburu nagusietako bat bete du, beraz, Bilbaok. Izan ere, Italiako Girorako bidean, Itzulia da Gernika-Lumokoaren helburu nagusia. Era berean, iazko arantzatxoa ere atera du. 2021ean, Ion Izagirre aurreratu zitzaion Hondarribin amaitutako etapan, eta Bilbaok bigarren postuagaz konformatu behar izan zuen. Aurten, baina, helburua bete du, eta etapa oso gogor baten ondoren, gainera. Julian Alaphillipe izan du atzetik, eta Aleksandr Vlasov sailkatu da hirugarren.
Bilbaok HITZAri aurreratu legez, Laudio eta Amurrio artekoa “uste baino etapa gogorragoa eta teknikoagoa” izan da, bere ezaugarrietarako “egoki askoa”. Altube izan dute eguneko lehen mendatea, eta lehendabiziko zati horretan eguneko ihesaldia izan da protagonista. Amaieran, baina, barruti bati itzuli bi egin dizkiote, eta zirkuitu horrek puntu bero bi izan ditu: Opellora eta Ozeka. Mendate horiek izan dira, hain zuzen ere, etapako gakoa. Geraint Thomas, Sergio Andres Higuita edota Emanuel Buchmann moduko lehen mailako hautagaiak lasterketatik kanpo geratzeagaz batera, indartsuenak lehen postuetan azaldu dira, eta probako une gorena iritsi da: Ozekara azken igoera.
Talde horretan hamabi lagun geratu dira. Aurretik, aldiz, eguneko ihesalditik eutsi duen erromes bakarra: Total Energies taldeko Cristian Rodriguez. Hautagaien taldeak erritmo handian igo du Ozeka, eta, mendateko azken metroetan, Bilbaok krisialdi txiki bat izan du. Dena dela, jaitsiera hasi bezain pronto, atzera taldera sartu, eta aurrea hartu du. Bilbao ez da Caja Rural taldean zebilen txirrindulari ezezagun hura, eta izena du, jada, tropelean. Horrenbestez, Ineos Grenadiers taldeko Dani Martinezek eta Adam Yatesek kontrol lana egin diote Bilbaori, eta ezin izan du alderik egin. Behin Rodriguez harrapatuta, argi eta garbi geratu da etapa garaipena sailkapen orokorrerako txirrindulariren batek eroango zuela. Artean, Rigoberto Uran, Marc Soler eta Steff Cras jaitsieraren ostean sartu dira taldetxora.
Azken metroek izugarri izan dute estrategiatik, teknikatik eta, batez ere, tentsiotik. Izan ere, Amurrio inguruko errepide estu, bihurgunetsu eta gorabeheratsuetatik ibili dira. Lau kilometro faltan izan dute eguneko azken koxkatxoa, eta hori igarota jo du Bilbaok bere bigarren erasoaldia. Bigarren ahaleginak ere ez dio fruiturik eman, dena dela. Hortaz, bere aukerak Amurrioko esprinta lehiatzera mugatu ditu. Esprint berezia izan da Arabako etapakoa, bihurgunez betea; azken metroak, gainera, aldapa gora izan dira. Quick Step – Alpha Vynil taldeko Remco Evenepoelek taldelan bikaina egin du atzo etapa irabazi zuen eta gaurko hautagairik azkarrena zen Julian Alaphilippen mesedetan, baina frantziarrak goizegi abiatu du azken esprinta, eta Bilbaok ederto neurtu dizkio distantziak, helmuga lerroa orduko gainditzeko.
Bilbao: Hainbeste borrokatu ostean, eta munduko txapeldunaren aurretik sartuta, nire ametsa bete egin da
Horrela, Bilbaok bere lehen etapa garaipena lortu du Itzulian, lehiatzen duen zazpigarren edizioan. Gainera, lehen eguneko erlojupekoan izandako denbora galera hamar segundutan murriztu du, lehen postuari dagokion gainsariari esker; 29 segundu galdu zituen Hondarribin, eta hemeretzira dago orain, bosgarren. Sailkapenean, Adam Yates segundu bat aurretik du; Aleksandr Vlasov, aldiz, bost segundu aurretik. Lehen bi postuak urruntxoago daude: Remco Evenepoel hamalau segundura dago, eta Roglic liderra, esan bezala, hemeretzira. Baina lasterketa, geratzen den guztiagaz, zabal-zabalik dago.
Bilbaok, etapa bukatu bezain laster, etapa garaipena “deskribatzen oso zaila” dela adierazi du: “Hainbeste borrokatu ostean, eta munduko txapeldunaren aurretik sartuta, nire ametsa bete egin da”. Azaldu du Alaphilippen gurpila “oso hurretik” zaindu duela, taldeko bizkorrena zen jakitun. Bere sasoi puntu bikainaz galdetuta, “oso indartsu” aurkitzen dela argitu du: “Ibilbidea oso ondo egokitzen zitzaidan, azken mendatean sufrimendu handiko une bat bizi izan dudan arren; hurrengo etapak ere dezente ondo egokitzen zaizkit, baina helburu nagusia lortutakoa zapatuan podiumean sartzeagaz borobiltzea da”.

Argazkia: Luis Gomez / @sprintcycling