Musikari gazteek girotuko dute udalerria gaurtik barikura bitartean
Gaurtik barikura bitartean, II. Aste Kulturalean murgilduko dira Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasleak. Euren emanaldiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek Elai Alai areto txikian eta Lizeo Antzokian.
Dena dute prest Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasle eta irakasleek. Ikasturteko bigarren Aste Kulturala hasiko dute gaur, eta orain arte ikasitakoak erakusteko gogotsu daude musikariak. Gaurtik barikura bitartean, ikasleen hainbat emanaldiz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Elai-Alai areto txikian eta Lizeo Antzokian.
Piano-jole gazteen emanaldiarekin hasiko dute Aste Kulturala Elai-Alai aretoan; hain zuzen ere, sei urteko bakarlariak igoko dira oholtzara 18:30ean. Eguneko bigarren emanaldian ere, bakarlariak izango dira protagonistak. Biolin, piano, zeharkako txirula, baxu elektriko, klarinete eta tronpako ikasleek erakutsiko dituzte ikasitakoak, 19:30ean hasita.
Bihar, Elai-Alai eta Lizeo Antzokia musikatuko dituzte SOMEko ikasleek. Lehenengo saioa Elai-Alai aretoan izango da, 18:00etan, biolin ikasleen kontzertuarekin. 18:30ean, berriz, lekukoa hartuko diete tronpako ikasleek, haize ensanbleak, akordeoi taldeak eta kitarra orkestrak. 19:00etan Lizeo Antzokira lekualdatuko dira, eta bertan, trikitixa eta txistu ikasleak agertokira aterako dira, bakarka eta taldeka.
Etzi, 18:30ean, 5 urteko ikasleen txanda izango da. Eurekin batera, haize ensanbleko ikasleek eta orkestrako musikariek euren obrak erakutsiko dizkiete Lizeo Antzokira bertaratzen direnei.
Eta Aste Kulturala hasi den moduan amaituko dute Segundo Olaetakoek, izan ere, piano joleen ikuskizunak izango dira barikukoak. 18:00etan eta 18:30ean musikatuko dute Elai-Alai areto txikia.
Zehaztu dutenez, emanaldietarako sarrerak doakoak izango dira, aretoetako edukiera bete arte.