Joanes Goitisolo, bigarren postuan Zizurkilgo duatloian
Urko Herranegaz batera elkarlanean egin zituen bizikletako sektorea eta azken korrikaldia, eta elkarregaz heldu ziren helmugara, ibilbide gogorra egin ostean.
Joanes Goitisolo Otazua duatleta eta triatleta gernikarrak bigarren postuan amaitzea erdietsi zuen, joan den domekan, Zizurkilen [Gipuzkoa] lehiatutako duatloian. Goitisolok ogibide zaila izan zuen lasterketari aurre egiteko; izan ere, Urko Herran aurkariak hasiera-hasieratik ihes egin zien gainontzekoei, eta, horrenbestez, bere bila atera behar izan zen.
Goitisolok adierazi du Zizurkilgoa, ibilbide aldetik, duatloi «benetan gogorra» izan zela: «Ibilbide gorabeheratsua izan genuen, eta parte-hartzaile guztiok dezente sufritu behar izan genuen». Korrikaldiaren amaieran Herran harrapatu zuen Goitisolok; bizikletako sektorean, elkarregaz berba egin, eta elkarlanean aritzea adostu zuten. Azken korrikaldian ere, bien arteko akordioa gailendu zen, eta, azkenean, Herran helmugaratu zen lehen postuan, Goitisoloren aurretik.
Hanka onez hasi zuen Goitisolok 2022ko duatloi denboraldia, Erandion zein Sopelan garaipen sendoak erdietsita. Hilabeteekin joanagaz, mailari eusten dio gernikarrak, eta parte hartzen duen probetan bere hautagaitza erakusten du.