Ez dago arerio txikirik
Lointek Gernika Bizkaiak Embutidos Pajariel Bembibreren kontra 78-75 galdu du, Emakumezkoen Endesa Ligako 27. jardunaldian. Etxeko taldeak mailari eusteko urrats handia egin duen heinean, Lointek Gernika Bizkaiari asko kamustu zaio playoffetarako sailkapena.
Partidu oso esanguratsua izan zen atzo jokatutakoa bai Embutidos Pajariel Bembibrerentzat, bai Lointek Gernika Bizkaiarentzat: etxean jokatzen zuen Bembibre Arenako taldeak hil ala biziko partidua zuen, Emakumezkoen Endesa Ligari eusteko bidean; Lointekentzat, ostera, playoffetako gerran sartuta jarraitzeko berebiziko aukera zen. Bi taldeek jokoan asko zutenez, hasieratik tentsioa eta urduritasuna nabarmendu ziren. Etxekoek hiruko lau jaurtiketa saskiratu zituzten lehendabiziko laurdenean. Gernika erasoko errebotearen bila ibili zen, gehiegizko gogoekin eta eraginkortasun urriz, baina lehen laurdenean bi taldeetako defentsa lerroek ez zuten jokoaren dinamiketan egonkortzea lortu, eta 18-16 amaitu zen zati hori.
Bigarren laurdenean, saskiratzeen erritmoak apurka-apurka behera egin zuen, talde bien defentsak egonkortzeagaz batera. Lointekek ez zituen gura beste zukutu Tinara Mooren aukerak, Millerrek hurretik markatu baitzuen. Hori dela eta, triangulazioetan eta urruneko jaurtiketetan oinarritu zuten beren jokoa. Helburua argi eta garbia zen: Embutidos Pajariel Bembibreko jokalari gazteen urduritasuna beraien mesedetan erabiltzea. Baina Leongoek Amber Melgoza eta Djneba N’Diaye probestu zituzten, partiduan aurretik jartzeko. Azken horiek kolore orotako saskiratzeak erdietsi zituzten. Bigarren alde hori luze samarra egin zitzaion Lointeki: 40-38.
Lopez: Amaieran, bospasei puntuko aldea hartuko zuen taldeak irabaziko zuen partidua, eta horrelaxe izan da
Etxeko taldea presiopean jartzeko asmoz, Lointeken defentsa, beste behin, gakoa izan zen, atsedenalditik itzultzean. Mario Lopezek Moore baliatu zuen, jokoa dinamitatzeko. Era berean, Bembibreko entrentzaileak, Pepe Vazquezek, Lass jokatzera atera zuen, Mooren mugikortasuna gelditzeko. Horri esker, Gernikak ez zuen lortu bere defentsa behingoz egonkortzea, eta norgehiagokak zoramen kutsua hartu zuen, etxekoen alde. Berdintasuna agerian zegoen, dena dela: bi taldeetako bat ere ez zen gai alde edota partzial handiak lortzeko. 55-56 amaitu zuten hirugarren laurdena.
Bembibrek min handia egin zuen, partidu osoan zehar, 6,75eko lerrotik. Laugarren laurdenean, Tina Jakovina nabarmendu zen distantzia horretatik. Lointek Gernika Bizkaiak bere aukerei eusteko saiakera egin zuen. Horretarako, 2020/2021 denboraldian Bembibren jokatutako Lashann Higgs sartu zen jokoan. Azken laurdenak azterketa usaina izan zuen Lointekentzat, iraganeko akatsetatik ikasi ote zuen ikuste aldera. Baina badirudi ezetz. Marge Roundtreek jaurtiketa libreak parkatu zizkion etxekoei, eta azken horiek, aldiz, ez zuten su-etenik eskaini. Partidu amaieran, Roselis Silvak hiruko jaurtiketa bi saskiratu zituen, baina ez zen nahikoa izan: 78-75. Emakumezkoen Endesa Ligan, ez dago arerio txikirik.
Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaile Mario Lopezek “partidu osoko berdintasuna” azpimarratu du. “Lehen bi laurdenetan ez dugu asmatu erasoaldietan”, azaldu du. Atsedenaldi ostean dinamika aldaketa bat izan dutela argitu du Lopezek: “Partidua gure eremura eroateko aukera batzuk izan ditugu, baina aurkariak ez digu inongo erraztasunik eman, eta oso ondo ibili dira defentsan, gure kalterako”. Horrez gain, aurtengo ahulezia nabarmena, defentsa, izan du ahotan: “Ez dugu oso fin defendatu; amaieran, bospasei puntuko aldea hartuko zuen taldeak irabaziko zuen partidua, eta horrelaxe izan da”. Azken minutuetako jokoa “dezente” hobetu behar dutela azaldu du, eta “egindako akatsetatik ikasi“.