Emaitza ona Garoa Martinezentzat, Espainiako Kopan
Culleran lehiatutako proban podiuma zapaltzea lortu du Martinezek, emakumezkoen maila absolutuko proban, bosgarren postua lortuta. Dena dela, ez dio balio izan Europako Txapelketarako sailkatzeko.
Garoa Martinez gimnasta bermeotarra halterofiliako Espainiako Kopan aritu zen joan den zapatuan, Cullerako [Valentzia] Udal Polikiroldegian. Martinezek emakumezkoen kategoria absolutuan parte hartu zuen, bakarka, 10:15ean hasita. Proba horretako garailea Kanariar Uharteetako Atenery Hernandez izan zen, 271,57 Sinclair puntu erdietsita; ostean sailkatu ziren Maria Jose Gimenez Guervos, 260,56 Sinclair puntugaz eta Mouna Skandi, 260,30egaz.
Bermeotarrak bosgarren postua lortu zuen maila absolutuan, 256,62 puntu lortuta. Horrek podiumera igotzeko balio izan zion. Emaitza hori lortuta ere, Martinezek ez zuen eskuratu Europako Txapelketarako txartela; hortaz, ez dagoela «batere pozik» azaldu du, eta Europan egon ahal izateko «beste bide batzuk» zukutuko dituela adierazi. Artean, ekainean Salamancan lehiatuko den Espainiako Txapelketara ere begira dago Martinez. Europako Txapelketagaz batera, Espainiakoan “ahalik eta mailarik onena” ematea izango du jomuga: “Egutegiko probarik garrantzitsuenetakoa izango da, eta garaipena lortzea izango da nire helburua”. Izan ere, Espainiako Txapelketa irabazi zuen iaz Martinezek, eta titulu hori berrestea begiz jota du aurten.