Bermeoko Xixili taldea, emaitza onen boladan murgilduta
Gasteizen lehiatutako Euskadiko Txapelketetan emaitza onak lortu dituzte, batez ere, alebin eta kadete mailako banakako gimnasta federatuekin.
Bermeoko Xixili gimnasia erritmikoko klubak emaitza paregabeak eskuratu ditu Gasteizen lehiaturiko Euskadiko Txapelketan, banakako gimnasta federatuekin. Hainbat adin tarte edota kategoriatakoek parte hartu zuten lehiaketa horretan. Alebin mailan jaso zuten, hain zuzen ere, emaitzarik azpimarragarrienetako bat: Ane Axpek irabazi egin zuen proba.
Kadete mailan ere, Xixilikoak ez ziren podiumetik jaitsi; izan ere, lehen urteko Naia Arrazuak hirugarren postua erdietsi zuen, eta bigarren urteko Nahia Gorostiagak ere beste horrenbeste egin zuen. Klubetik adierazitakoaren arabera, «emaitza oso pozgarriak dira, kategoria denetan maila ona mantentzen dugula erakusten dutelako, eta lanean jarraitzeko motibazioa ematen baitigute». Halaber, Garazi Aslak kategoria absolutuan lehiatu zuen, Euskal Ligako lehen fasean.