Mundakako alebinen mutilen taldeak Bizkaiko Batel Txapelketa irabazi du
Absolutuetan txapeldunorde geratu da Bermeoko gizonezkoetan taldea, eta ume kategorian brontzezko domina lortu dute Elantxobeko mutilek.
Asteburuan Sestaon lehiatu dute Bizkaiko Batel Txapelketa. Aurreko urteetan modura, zapatuan jokatu zituzten sailkatze estropadak eta atzo finalak.
Alebin kategorian, mutiletan 02.29,14ko denbora egin zuen Mundaka txapeldunak. Isuntza bigarren (02.32,73) eta Arkote hirugarren (02.37,00) sailkatu ziren. Elantxobe bosgarren sailkatu zen, Mundakarengandik 51 segundo eta 52 ehunenera. Nesketan Ondarruk lortu zuen bandera: 02.30,36. Lau segundo eta 98 ehunen atera zizkion Artibai txapeldunordeari. Kaiku ere podiumean sartu zen (02.42,46). Mundaka laugarren geratu zen, 02.45,90eko denboragaz.
Absolutuen gizonezkoen sailkapenari dagokionez, txapeldunorde geratu zen Bermeo. Zierbena izan zen azkarrena: 08.34,74 eta Bermeokoek Zierbenakoengandik 4 segundo eta 35 ehunenera amaitu zuten. Kaikurentzat izan zen brontzea (08.57,93). Elantxobe bosgarren geratu zen, Zierbenarengandik 58 segundo eta 46 ehunenera. Emakumezkoetan ere bosgarren postua lortu zuten Elantxobekoek (10.48,01). Deustok, Kaikuk eta Ondarruk osatu zuten podiuma. Deustoarrek 9 minutu, 54 segundo eta 12 ehuneneko markagaz irabazi zuten bandera.
Ume kategorian brontzezko domina lortu zuen Elantxobeko mutilen taldeak. Arkote nagusitu zen, 4 minutu, 44 segundo eta 49 ehunenetan estropada amaituta; Itsasoko Ama txapeldunordea 13 segundo eta 16 ehunenera sailkatu zen, eta Elantxobe 19 segundo eta 35 ehunenera.
Bestalde, gazte mailako mutilen Bermeoko taldea ere sartu zen finalean, eta bosgarren sailkatu zen. Itsasoko Ama geratu zen txapeldun (09.19,45), eta Ondarru eta Deusto izan ziren bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren. Bermeok txapeldunarengandik 23 segundo eta 88 ehunenera amaitu zuen.