Apoentzako pasabideak egokitu dituzte Artikan
Bizkaiko Foru Aldundiak biodibertsitatea babesteko zenbait mantenu eta egokitzapen lan egin ditu eta ohartarazpen kartelak ere kokatu ditu Artika auzoan.
Bermeoko Udaletik jakitera eman dutenez, udaberrian apoak erreka eta urmael handietara gerturatzen dira ugaltzeko; Bermeoko Artika auzoa da horren adibide bikaina: “Sasoi honetan ehundaka apo ikusi ditzakegu inguru honetan, babestutako errekara bidean”. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak biodibertsitatea babesteko zenbait mantenu eta egokitzapen lan egin ditu eta ohartarazpen kartelak kokatu ditu Artikan. Hala, Basalaneko langileek bide ertzetako belar eta sustraien garbiketa egiteaz gain, harrizko hormetan pasabideak egokitu dituzte, “apoek errekara heltzeko aukera izan dezaten”.
Ekimen horien helburua bikoitza dela adierazi dute: biodibertsitatea babestea eta herritarrak sentsibilizatzea. Biodibertsitatea zaintzea herritarren bizi kalitatea hobetzearekin zuzenean lotuta dagoela nabarmenduta, Bermeoko Udalak bat egiten du helburu horiekin. Modu horretan, ekimena sustatzeaz gain, egindakoa balioan jarri gura izan dute. Udal ordezkariek herritarrei kolaborazioa eta inplikazioa eskatu diete.