Korrika txikiak Foruko kaleak hartu ditu
22. Korrika erdigune hartuta, hainbat ekimen izan dituzte, arratsaldean zehar, forutarrek. "Forun ere euskararen alde!" leloagaz, herriko gazteenek korrika txikia egin dute herriko kaleetan barrena, AEKk eta Haitz Biribil kultur elkarteak antolatuta.
Jada hasi da 22. Korrika, eta Busturialdeko hainbat udalerri euskararen aldeko herri ekimen horregaz lotutako denetariko ekimenak egiten ari dira. Gaur, Foruren txanda izan da, eta “Foru ere euskararen alde!” lelopean, publiko guztientzako ekimenak egin dituzte, arratsalde eta iluntzean zehar. Lehenengo eta behin, herriko umeek AEKren barnetegia bertatik bertara ezagutzeko parada ezinhobea eduki dute, 18:00etan; izan ere, barnetegiko arduradunek “euskararen arnasgune txikietako bat” den horren funtzionamendua, instalazioak, helburuak eta dinamikak azaldu dizkiete hurreratutako umeei.
Barnetegira bisita gidatua egin ondoren iritsi da egitarauko puntu gorena: Korrika txikia. Barnetegitik bertatik abiatu dira korrikalariak, eta gogotsu ekin diote San Martin elizarako aldapa koskorrari, musikaz eta ekimen horretara beren-beregi hurreratutako herritarrez lagundurik. Aldarte ona jaun eta jabe izan da bertaratutakoen artean, eta ez dute inongo arazorik izan lehendabiziko koxkatxo hori gainditzeko eta, horrela, Foruko herrigunera “tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!” aldarri eginez sartzeko. Euriak ere etena eskaini du Foruko bizilagunek korrika egin dezaten. Udaletxe aurretik pasatuta, eguneko egitarauaren antolaketa lanetan ibili diren Haitz Biribil herriko kultur elkarteko kideen aurretik pasatu dira lasterkariak, eta azken zirkuitu bat egin dute herrigunean zehar, Torre Barri kalean bukatuta.
Ekimenez beteriko egitaraua. Korrika txikiaren ondoren, gaztetxoek ez dute aspertzeko paradarik izan, eskulanak egiteko tailerrean parte hartu baitute. Korrikaldiagaz eta eskulanekin gutxi ez, eta, ostean, hurreratutako guztientzako txokolatada atondu dute Haitz Biribilekoek. Jarraian, Uhinak izeneko dokumentala ikusi dute, Asier Zugadi Bengoa Zuga Gernika-Lumoko musikariaren musika emanaldi akustikoaz gozatu orduko. Aurtengo Korrika apirilaren 7an, datorren eguenean, igaroko da Forutik. Antolatzaileek Korrikaren pasaerara bat egiteko eta euskararen alde lasterka egiteko gonbitea zabaldu diote forutar orori, Foru ere euskararen alde dagoen udalerria dela erakutsiz.
Argazki galeria hemen ikusgai.
Bideoa hemen ikusgai