Mundakak 2.720,46 euro eman dizkio Chernobil Elkarteari
Konboi humanitario bat finantzatzeko asmoz, txapa solidarioen kanpaina bat gauzatu zuten Mundakako Eskolakoek, eta udalak bikoiztu egin du kopurua.
Mundakak 2.720,46 euroko diru laguntza eman diote Chernobil Elkarteari, Ukrainarantz abiatuko den konboi humanitario bat finantzatzeko helburuz.
Ukrainari babesa emateko asmoz, txapa solidarioen kanpaina abiatu zuten Mundakako eskolako ikasleek eta Mundakako udal ordezkariek, eta 1.360,23 euro lortu zituzten salmentekin. Udalak kopuru hori bikoiztu zuen, eta guztira, 2.720,46 euroko diru laguntza eman diote elkarteari.
Martxoaren 25ean antolatu zuten txapa solidarioen tailerra, eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartu zuten bertan. Joan den astean ere, udalaren ludoteka zerbitzuak antzeko jarduera bat antolatu zuen, eta ume eta gaztetxoek egindako txapak jarri zituzten salgai. Txapa horietan sinbolo baketsuak, Ukrainako banderak edota Gerrarik ez bezalako mezuak ikus zitezkeen.
Mundakako alkate Irati Gondra “mundakarrez harro” agertu da: “Garai gogor hauetan, Mundakako herritarrek euren elkartasuna agerian utzi dute, eta horrelako ekimen bat babestu dute”.