"Etxekoen aurrean lehiakor eta ausart agertzea izango da helburua"
Euskaltel Euskadiren aurtengo Itzuliko zazpikoan sartzerik izan ez duen arren, bere taldeak "oldarkor eta lehiakor" konpetitzeko asmoa duela iragarri du markina-xemeindarrak.
Nor da aurtengo Itzulia irabazteko hautagai nagusia?
Uste dut Primoz Roglic izango dela hautagai nagusia: badaki Itzulia irabaztea zer den; eremu guztietarako txirrindulariz osatutako talde bikaina dauka inguruan eta, gainera, egoera fisiko oso ederrean dago, batez ere, Paris-Nice probako sailkapen orokorrean garaipena eskuratu ondoren. Horrez gain, bere taldekide Jonas Vingegaard danimarkarra ere aipatuko nuke; Roglicen gerizpean ezkutatuta egon arren, ziklista oso ausarta da, gaztea, eta alor guztietan maila handia duela erakutsi du. Adibidez, iazko Frantziako Tourreko podiumean sartu zen, Roglicen erorikoaren ondoren; gaztea izanagatik ere, sobera erakutsi du sailkapen orokorrak lehiatzeko ardura hartzeko gai dela.
Zein izango da lasterketako talderik indartsuena?
UAE Team Emirates taldea gainontzeko guztien gainetik dagoela uste dut. Bigarren mailan kokatuko nituzke hala Jumbo-Visma nola Bahrain Victorious eta INEOS-Grenadiers taldeak. Bahrain Victoriousen lehiatzeko modua, adibidez, oso atsegin dut: modu oldarkorrean planteatzen dituzte lasterketak, ez dira kikiltzen aurkari sendoagoen alboan eta ondo baliatzen dituzte euren bertuteak. Horrez gain, uste dut Pello Bilbaoren lana estrategikoki interesgarria izango dela.
Partaidetza euskaldunari dagokionez, zer espero daiteke?
Pello Bilbao izango da euskaldunen erreferentea. Urtea bikain hasi du, ausarta da, eta aurtengo etapa amaiera jakin batzuk ondo egokitzen zaizkio. Ikusi beharko da, bestalde, Ion Izagirre nola helduko den.
Zein litzateke zure aurreikuspenik onena, oraintxe sinatu ahalko bazenu?
Ni neu ez dut uste Itzulian egongo naizenik. Taldearentzat, etxekoen aurrean lehiakor eta ausart agertzea izango da jomuga. Esprint berezietako eta mendiko sailkapenen lehian egotea ere ederra litzateke, etapa amaieretan muturra sartzeaz gain.
Zein iritzi duzu Itzuliak azken urteotan, ibilbidearen egiturari dagokionez, egindako itxuraldaketaren inguruan?
Antolaketa desberdina da, baina egokia iruditzen zait. Iazko lasterketan, adibidez, azkenengo etapa ez zitzaidan batere gustatu. Olatz igo behar izan genuen Mutrikutik, etapa hasieran; horrek kokapena izugarri baldintzatu zuen, eta tropela goizegi apurtu zen, atzera ez elkartzeko. Horrez gain, azkenengo etapa horretan eguneko ihesaldiari ez zaio inongo aukerarik ematen, sailkapen orokorrerako etapa da eta