"Astebeteko itzulien ohiko prototipoa apurtu du Itzuliak"
Lekeitiarrak ihesaldietan ausart jokatzeko asmoz eta bere talde Burgos BHgaz bigarren mailako sailkapenak lehiatzeko helburuagaz hasiko du Itzulia.
Nor da aurtengo Itzulia irabazteko hautagai nagusia?
Tadej Pogacar, nazioarteko txirrindularitzaren egungo testuinguruaren barruan, Primoz Roglic baino puntutxo erdi gorago dagoela esango nuke, baina ez da Itzulira joango. Era berean, Roglic bera ere gainontzekoen gainetik dago. Beste horiek, adibidez, Mikel Landa eta Adam Yates izan daitezke.
Zein izango da lasterketako talderik indartsuena?
Orain arteko lasterketetan hoberen ibili direnek, seguru asko, hoberenak izaten jarraituko dute Itzulian ere. Zentzu horretan, Jumbo Visma, INEOS-Grenadiers eta UAE Team Emirates dira World Tourreko etxerik esanguratsuenak, egun. Esan beharra dago aurrekonturik potoloenak dituzten taldeak ere badirela, bide batez.
Partaidetza euskaldunari dagokionez, zer espero daiteke?
Batetik, Bahrain Victoriouseko Pello Bilbao aipatuko nuke. Taktikoki lasterketa txukuna egin dezakela uste dut, batez ere, sailkapen orokorrari eta etapa gogorrenetan garaipena lortzeari dagokionez. Bestalde, Cofidiseko Ion Izagirre ere buruan dut; beste lasterketa batzuetan, Guillaume Martin izan da talde horretako hautagai sendoena, baina frantziarra ez da izango aurtengo Itzulian, eta, ondorioz, Izagirrek bere aukera propioak zukutzeko aukera edukiko du.
Zein litzateke zure aurreikuspenik onena, oraintxe sinatu ahalko bazenu?
Ihesaldietan nire burua erakutsi dudala irakurtzea gustatuko litzaidake. Bigarren mailako sailkapenetan, esprint berezietakoan zein mendikoan, protagonistetako bat izan nahiko nuke, tropelak eta hautagai nagusiek baimena emanez gero.
Zein iritzi duzu Itzuliak azken urteotan, ibilbidearen egiturari dagokionez, egindako itxuraldaketaren inguruan?
Duela zenbait urtetako Itzulia astebeteko itzuli tradizionalaren eredua izan da beti, eta ohiko prototipo horregaz apurtu du, azken urteotan: txirrindulari mota denentzako etapak zituen. Egun, erlojuaren aurkako saioa oso gogorra da eta etapa guztiak dira menditsuak. Jada ez dago Gasteizko etapa leuna; beraz, esprinterrak ez datoz Itzulira, ez baitute beren indarguneak baliatzeko etapa aproposik. Afizioaren ikuspuntutik, zalaparta handia ikusteko aukera dute etapa denetan, eta, hortaz, ibilbide formatu berria atsegin dute. Nire ustez, astebeteko itzuliek txirrindulari mota guztientzako etapak eduki beharko lituzkete: sailkapen orokorrekoentzat, esprinterrentzat, erlojupeko espezialistentzat, ihesaldietakoentzat, etapa ehiztarientzat eta abar.