Lekerikak, Barandikak eta Hormaetxeak Dania Jai Alai txapelketa abiatuko dute
Daniako frontoian bihar (apirilak 1) hasiko dute txapelketa, eta apirilaren 10ean jokatuko dute finala. Barandikak eta Lekerikak Johan eta Gorka Sorozabal anaien kontra jokatuko dute, eta Hormaetxea eta Thibault Basquek Iñigo Gorostola Arrieta eta Iñaki Urbietaren aurka.
Dania Jai Alai txapelketa jokatuko dute bihar (apirilak 1) hasi eta apirilaren 10era arte. 1. jardunaldian Busturialdeko hiru pilotari izango dira kantxan: Unai Lekerika eta Xabier Barandika gernikarrak eta Alex Hormaetxea bermeotarra.
Lekerika eta Barandika Johan eta Gorka Sorozabalen kontra lehiatuko dira. Azken horiek Biarritzeko anaia bi dira. Ostean, Hormaetxeak eta Thibault Basquek osaturiko bikotea Iñigo Gorostola Arrieta eta Iñaki Urbietaren aurka neurtuko da. 19:00etan hasiko da pilota jaialdia.
Zapatuko egitarauari dagokionez, 19:00etan hasita, Aimar eta Ibon Aldazabal berrituarren txanda izango da, Jon Zulaikaren eta Gorka Aldazabal Ubillaren kontra. Dania Jai Alain, gainera, Aimarrek, oraintsu bukatu berri den Jai Alai Winter Serieseko txapeldunordeak, aurrelari gisa jokatuko du, eta ez atzelari modura. Izan ere, bere puntista ibilbide gehiena aurrelari modura egin izan duen arren, azken urteotan kantxaren atzealdean ibili da Aimar.
Zapatuko egitaraua Jean Olharanek eta Nicolas Etchetok osatuko dute, David Iturbideren eta Alain Urbistondo Artaren kontra. Olharan eta Etcheto ere Winter Series lehiaketan ibili dira berriki.
Sarrerei dagokienez, online eros daitezke: bai egun jakin batekoak, bai txapelketa osoko bonoak.
Epe laburrerako itzulera.Daniako [Florida] pilotalekuak iazko azaroaren 28an eten zuen bere jarduera. Koadro egonkordun zesta-punta tradizionaleko azkenengo frontoia zen AEBetan. Ikusleek aro baten bukaera bezala ulertu zuten itxiera hori, arrazoiak begibistakoak izan arren. Floridako estatuak, dagoeneko, ez die derrigortzen operadorei Jai Alairen ikuskizuna eskaini behar izatea, kasino bat zabaldu ahal izateko; halaber, zesta-punta diru iturri handia ez den neurrian, bertako enpresak jarduera horri atea zarratzea erabaki zuen.
Orain, lau hilabete beranduago, Dania Jai Alai martxan da berriro, zesta-puntako txapelketa berri bat hartze aldera: Battle at the Palace. Antolatzaileen berbetan, lehenengo eta behin, “benetan pozgarria” da Daniako pilotalekua oraindik zutunik egotea eta, beste hainbat eta hainbat lekutan egin izan den legez, espazio horri zesta-puntagaz inongo erlaziorik gabeko erabilera berri bat eman ez izana. Izan ere, frontoiak jabetza pribatukoak dira AEB. Baina, horren gainetik, Battle at the Palace lehiaketak beste ezaugarri bereizgarri bat ere izango du: Ameriketan lehiatuta ere, beren-beregi kirolera zuzenduriko txapelketa izango da, eta ez apustuetara. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, “berritasun handia” da AEBetako frontoi batek, behin bere ibilbidea bukatutzat emanda, zesta-puntako lehiaketa berri bat aurrera eroatea, hori egiteko legezko inongo eginbeharrik eduki barik.
Horrenbestez, Dania Jai Alaik urrats bat egin du aurrera, bere baliabideekin nahiz mugekin. Hain zuzen ere, iragan urteko azaroko azken asteetan, pilotalekua zarratu orduko, hango enpresak zesta-puntaren inguruan interesatuta zegoen jende mordoaren iritziak jaso zituen; azpimarratu dute ikusle horiek ez zutela apustuei buruzko interes berezirik, zesta-puntari buruzkoak baino. Falta zena, baina, eredua zen, “kirolarekiko atxikimendua eta jarraipena egon baitzegoen”. Dania Jai Alairen helburua, hortaz, apusturik gabeko kirol lehiaketa batek piztu dezakeen interesa zein izango den jakitea da. Enpresa antolatzaileak sariketarako bultzada ekonomikoa egin du; gonbidapenak bidali ondoren, egungo goi-mailako puntistetako batzuk eta “beren garapen prozesu bete-betean murgilduta dauden pilotari gazteak” erakartzea erdietsi du Dania Jai Alaik.
Donibane Lohizune, apirilean. Dania Jai Alai txapelketaren ondoren, lehiaketak Donibane Lohizunera egingo du itzulia. Ipar Euskal Herrian ezohikoa den data izanagatik ere, egungo puntistarik bikainenak Cesta All Stars izenekoan bilduko dira, apirilaren 19a eta 29a bitartean.