Arratzuko suhiltzaileen parkea estreinatu dute
Busturialdeko hogei udalerrietako 46.300 biztanleri emango die zerbitzua. Parke "handiagoa, modernoagoa eta gaur egungo beharrizanen arabera" diseinatutakoa dela dio Isuzko Mendizabal suhiltzaile parkeen operazio eta kudeaketaren arduradunak.
Busturialdeko Arratzuko suhiltzaileen parke berria inauguratu dute gaur goizean. Bertan izan dira Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, eskualdeko herrietako alkateak, Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua, Pedro Izaga Larrialdietako eta Babes Zibileko zuzendaria eta aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileak.
Arratzun, Gernika-Arteaga BI-238 errepide ondoan dagoen eta gaur egun inauguratu duten parke berriak Busturialdeko hogei udalerrietako 46.300 biztanleri emango die zerbitzua. Ekintza eremu horretan gerta daitezkeen zuzeneko larrialdiez gain, suhiltzaileek eskualdearekin mugakide diren lurraldeko beste parkeei lagunduko diete baliabide gehiago behar dituzten esku-hartzeetan.
Urtean, Busturialdeko parkeak 370 irteera inguru egiten ditu, eta langileei dagokienez, Gernikako parkean lan egiten zuen hornidura bera izango du Arratzuko parkeak: sei kabo, 30 suhiltzaile eta bi sarjentu. Horiek guztiak Uriosteko parke zentraleko buru batek koordinatuko ditu.
Parkea Barrutia auzoan dago kokatuta, eta 1970az geroztik gaur arte erabili duten Gernika-Lumoko parkearen ordezkoa da. Zehaztu dutenez, Gernikakoa izan zen aldundiko suhiltzaileen zerbitzuak martxan jarri zuen lehen hiru parkeetako bat: “Zerbitzuan zegoen zaharrena zen, 90eko hamarkadan Trapagarango parkearen ordez Uriostekoa jarri zelako martxan, eta Durangokoaren ordez Iurretakoa ireki zelako 2009an”.
Arratzuko parkearen kokapen berriak instalazio “modernoak” eskaintzen dizkie suhiltzaileei. Hori ez ezik, larrialdi abisurik izanez gero, suhiltzaile taldea azkar mugitzea bideratzen du eta instalazioaren kokalekuak seguruago egiten du ibilgailuetara sartzea eta ezbeharretan esku hartzeko irteerak abian jartzea. Aldi berean, parkearen barruan aparkatzea eta larrialdietako ibilgailu astunak mugitzea errazten du parkeak. Gainera, parkeagaz pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasuna hobetzen da suhiltzaileek esku-hartuko duten babes zibileko ezbeharretan.
Parkeen operazio eta kudeaketaren arduraduna den Isuzko Mendizabalek esan du Bizkaiko suhiltzaileentzako “oso egun berezia” dela gaurkoa. “Batez ere, Gernikako parke zaharrean egon diren suhiltzaileentzat. Zorioneko gaude eta oso pozik”. Izan ere, parke “handiagoa, modernoagoa eta gaur egungo beharrizanen arabera” diseinatutakoa estreinatu dutela dio: “Ziur nago parke berriagaz herritarrei ematen diegun kalitatea hobetu egingo dela”.
Izan ere, Gernikako parkea “oso zaharkituta” zegoela azaldu du: “Ez geneukan maniobrak egiteko lekurik. Ez genuen espazio zikin eta garbien banaketa eginda, laneko arriskuen prebentzioak eskatzen duen modura, eta esku-hartzeen itzuleran kutsadura gurutzatuak saihesten dituena. Eta parkean bizitzeko geneukan espazioa ere murritza zen”.
Mendizabalek zehaztu duenez, azken 50 urteetan suhiltzaileen beharrizanak aldatu egin dira. “Arrisku motak, bete beharreko prozedurak, erabiltzen ditugun materialak eta ditugun kamioiak asko aldatu dira”, azaldu du, eta instalazio berriekin eskatzen dieten segurtasun bermeak bete ahalko dituztela dio, “bai herritarren, bai suhiltzaileen segurtasuna hobetzeko”.
Bizkaiko Foru Aldundiak 6,5 milioi euro inbertitu ditu Arratzuko parkea eraikitzeko.
“Funtsezkoa”.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak dio azpiegitura berri honek “funtsezko zerbitzu publikoa” eskainiko duela, eta horri esker Busturialdeko pertsonen zein ondasunen segurtasuna “hobetuko” dela: “Suhiltzaileen parke honi esker Busturialdea hobetzen da, baita Bizkaia eta eskualdean bizi garenon bizi kalitatea ere. Zerbitzu publikoak %100ean bermatu behar dira, eta herritarrengandik gertu egon behar dira”. Instalazio berriak “detaile guztiak” dituela adierazi du, eta horiek “oso garrantzitsuak” direla dio, “denbora irabazteko eta segurtasuna ahalik eta ondoen bermatzeko”.
Hori esanda, zerbitzu publikoak hobetzearen eta mantentzearen alde egin du: “Pandemia ez da amaitu, gerra baten ondorioz krisi batean sartu gara, baina inbertsioak mantendu egin behar ditugu. Garrantzitsua da inbertsioak egitea, zerbitzu publikoak hobetzea eta horiek mantentzea”.
Bere aldetik, Josu Olano Arratzuko alkatea proiektua gauzatzeko bidean lagundu diotenez gogoratu da, “oztopoz betetako” bidea izan dela azalduz: “16 urtez proiektuan pentsatzen aritu gara. Bide traketsa izan da, oztopoz betetakoa, eta lortu dugu. Asko kostatu zaigu”. Parkearen diseinua “integrala” dela dio, eta inguru hori asko hobetu duela azaldu du, lehen sasiz betetako eremuan aparkaleku berria eta parke berria egin dutelako. “Dorreak zalantzak eragin ditu, baina egin beharra zegoen”, azaldu du.
Bestalde, herri guztietako alkateei zuzendu zaie, eta gehiago ikusteko edo elkartzeko gonbita egin die. “Herriak pauso txikiak eta gertukoak emanez egiten dira, baina herritik komunitate oso bat sortu behar dugu elkarregaz”.
Parkearen ezaugarriak
Arratzuko parke berria 6.150 metro koadroko lursail baten gainean dago eraikita, eta eraikuntza berriak horietatik 2.100 metro koadro hartzen ditu, bi solairutan banatuta. Beheko solairuan daude guardiako postua, kabo eta sarjentuaren bulegoak, aldagelak eta ikastaroak emateko eta bisitak hartzeko gela. Goikoan, berriz, gimnasio, logelak, komunak, eta jantokia, egongela eta ezkaratza daude. “Eraikina funtzionaltasuna zainduz diseinatu da, gertakari baten aurrean erantzuteko denborak minimizatzeko eta kokatuta dagoen ingurune naturalera egokitzeko”, zehaztu dute.
Aurreko eraikinari atxikita dagoen eta fisikoki komunikatuta dagoen beste eraikin batean garajea dago, eta parkearen hornidura osatzen duten ibilgailuak hartzen ditu: hirirako ponpa ibilgailu astun bat, basorako ponpa ibilgailu bat eta beste ibilgailu inude bat, autoeskala erabat automatikoa, hainbat tresna dituen furgoia eta lur orotako ibilgailu bat. Ekipamendurako eta tresnak gordetzeko biltegi gune bat ere badauka.
Eraikin multzoak, gainera, entrenamendu eta maniobra eremu bat eta beheko solairu eta beste bost solairuko ariketa dorre bat ditu. “Maniobrak egin ahal izango dira, zuzkidurak egunero entrenatu ahal izateko aukera ematen dutenak. Langileek istripua izan duten ibilgailuetako bidaiariak askatzeko moduak praktikatu ahal izango dituzte, baita mota askotako erreskate eta suak entrenatu ere, maniobra dorrearen balio aniztasunari esker”.
Instalazio praktikak egiteko instazio modernoetatik aparte, formakuntzak teorikoak bultzatzeko gela azpimarratu du Mendizabalek, 25 pertsonentzako lekua duena: “Oso handia da, eta suhiltzaileen formakuntza teorikoa emateaz gain, herritarrentzako prebentzio hitzaldiak ere emango ditugu”.