'Matxitxako' dokumentala estreinatuko dute apirilaren 6an
Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egingo dute estreinaldia, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan, hain zuzen ere. Aingeru Astui Bermeoko Arrantzaleen Museoko zuzendari ohiak parte hartuko du dokumentalaren osteko solasaldian.
Duela 85 urte, Espainiako Gerran euskal kostaldea babestu zuten arrantzaleen istorioa kontatzen duen Matxitxako dokumentala estreinatuko dute Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Hain zuzen ere, apirilaren 6an izango da, 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokian. Jakitera eman dutenez, sarrerak salgai daude jaialdiaren webgunean (Hemen sarrerak).
66 minutuko dokumentalean, itsas guduaren historia kontatzen du Matxitxakok eta Euzkadiko Itsas Armada Laguntzailean sakontzen du –Eusko Jaurlaritzak sortua Kantauriko defentsa babesteko–, baita ere, Espainiako Gerrako gertaera hartan parte hartu zutenen memorian; beren balioak, lurrak eta familiak defendatzeko borrokan jardun zuten marinelena, hain zuzen ere.
Jesus Lacortek zuzendu du dokumentala, eta Oihana Pardo da ekoizlea, Juan Pardo San Gil historialariaren alaba. Azaldu dutenez, orain dela hiru urte dokumental hau egitea erabaki zutenean, ezin zuten imajinatu, amaitzerakoan, “hain beharrezkoa izango zenik, gure historia era erakargarri eta berritzailean zabaltzea; duela 85 urte munduan gertatu zena gogorazteko”.
Arrantzale eta marinel boluntarioek osatutako “itsas indar berezi bat” izan zela gogorarazten dute dokumentalaren egileek: “Gehienek ez zeukaten prestakuntza militarrik; arrantzontziak guda ontzietan bihurtu zituzten. Gure historiaren zati ezezagun honek ezin hobeto erakusten ditu euskal herriaren balioak, gaur egun, inoiz baino garrantzitsuagoa dena gogora ekartzea: elkartasuna, inplikazioa, ausardia, barkamena, aniztasuna…”. Itsas indar berezi horretan, ideia politiko eta jatorri oso desberdineko 920 pertsonek parte hartu zuten (guztiak ez ziren euskaldunak). Aipatzen dute, Matxitxakoko guda, “sinbolo bat” izan zela garai hartan, “are gehiago bere amaiera ezohikoaren ondoren”.
Kontatu dutenez, Juan Pardo San Gil historialariak bere bizitza eman zuen historiako atal hori ikertzen eta ikusarazten: “Itsas Armadako senide izan zen eta lagunek osatutako Matxitxako Elkartearen sorrera bultzatu zuen. Honen kide ere bada Itsas Armada hartatik bizirik irauten duen pertsona bakarra, Juan Azkarate bermeotarra, 99 urtekoa”. Historialaria hil ondoren, haren alaba Oihane Pardok jarraitu zuen bere aitaren ikerketak zabaltzen, baina beste ikuspuntu batetik, “publiko berriengana iristeko”. Helburu horrekin jaio zen, hain zuzen, Matxitxako dokumentala egiteko ideia. “Juan Pardok bildutako artxiboko irudiak tartekatzen ditu senide eta protagonistei egindako elkarrizketekin eta elementu artistikoagoekin konbinatuz, hala nola, Kote Camachoren animazioak edo Cecil Day Lewisek Nabarrari buruz idatzitako poema –batailan hondoratu zen boua–. Serrulla musikari gazteak egin du soinu banda, Itsasoan euskal kantu tradizionalaren bertsio bat eginez; Bermeoko Abesbatzak eta Sara Zozaya artistak ere parte hartu dute. Azken honek dokumentalerako abesti propio bat sortu du baita ere.
Solasaldia ere egingo dute dokumentalaren aurkezpenaren ostean. Horretan, zuzendaria eta ekoizlea egoteaz gain, Aingeru Astui bermeotarra ere egongo da, Bermeoko Arrantzaleen Museoko zuzendari ohia.
Martxoaren 5ean, Matxitxakoko gudaren 85. urteurrenean, dokumentalaren zati txiki bat ikusi ahal zuten Gogora Institutuak Portugaleten antolatu zuen omenaldian.