Gernikarrek egia, aitortza, memoria eta justizia aldarrikatuko dute apirilean
Hilabete osorako egitaraua prestatu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Apirilaren 5ean hasita, hilaren 29an emango diete amaiera ekimenei. Aurton lehen aldiz, Gernika Batzordearen Pasealekuko sirena talde gonbidatu batek piztuko du: Sartagudako Pueblo de la viudas elkarteak.
Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena gogoan izateko egitarau zabala antolatu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Apirilaren 5ean hasita, hilaren 29ra arteko ekitaldiak izango dira udalerrian.
Egia, aitortza, memoria, etorkizuna eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute plataforma osatzen duten elkarteek aurtengoan ere, eta bonbardaketaren urteurrena aurretik eta gero memoria ekintzak bultzatuko dituzten arren, 85. urteurrenean ere memoriak bere lekua izango du Gernika-Lumon. Ohi legez, sirena-hotsa entzungo dute herritarrek 4 minutu ekimenarekin bat egiten duten bitartean, 15:45ean.
Baina, aurten lehenengoz, Gernika Batzordearen Pasealekuko sirena talde gonbidatu batek piztuko du: Sartagudako Pueblo de la viudas elkarteak. “Normalean Batzordeko kideek aktibatzen dute sirena, baina aurten lehenengoz, batzordeko kide ez den norbaitek piztuko du. Sartaguda eta Gernikako senidetzearen adibidea izango da momentu hori”, adierazi dute antolatzaileek. 85. urteurrena izanagatik “zerbait berezia” egin gura zuten, eta Sartagudan egondakoak direnez, memoria ekitaldi desberdina egitea erabaki dute: “Hartu eman ezberdinak izan ditugu azken urteetan. Duela bi urte bonbardaketaren urteurrenean ikus-entzunezkoa bidali ziguten etxean konfinatuta egon ginenean, eta sirena aktibatzera gonbidatu ditugu”.
Astrako sirena, berriz, Lobek gonbidatutako talderen batek pizten du urtero, eta aurten ere horrela egingo dute; hala ere, oraindik ez dute zehaztu nork piztuko duen.
Era berean, kandelen ibilbidea egingo dute ohiko ordutegian, 21:30ean. Iaz, pandemiaren ondorioz, ohi baino lehenago egin zuten, baina aurten ohiko ordutegian antolatzea erabaki dute.
Egitarau zabala.
Bonbardaketaren urteurren egunaz aparte, memoria egiteko hainbat aukera eskainiko ditu plataformak hilabete osoan zehar. Hitzaldiak, ikus-entzunezkoak, memoriaren mapa edota preso errepublikarrek berreraikitako trenbideari buruzko oroimen ibilbidea izango dituzte aukeran herritarrek.
Poesia errezitaldi musikatua ere eskainiko dute Mikel Etxaburu, Nerea Zuluaga eta Izaskun del Canok: Oroitzen Hondarrrak Nota Txikietan. “Etxaburuk memoriaren ikuspegi zabalagoa eskaintzen du bere liburuan. Gero, emankizun bihurtu du lana, eta bi lagunekin olerkiak musikarekin uztartzen dituen ikuskizuna eskaintzen du”, azaldu dute Ipeseko antolatzaileek. Urte luzez harremana izan dute Etxabururekin, eta bere memoriaren lanketa era askotara gauzatu daitekeela erakutsi gura dute: “Isladatu gura dugu memoria oso zabala izan daitekeela. Memoria ez dela bakarrik gertaera historikoei loturiko memoria bat erakutsi gura dugu, egunero dagoen zerbait dela esan. Etxaburuk bere amagaz izandako hartu emanaren memoria lantzen du, eta iruditzen zitzaigun horrelako emankizun batek guk ordezkatzen duguna iruditu dezakeela, hau da, memoria lantzeko eta ulertzeko modu asko daudela eta erpin oso anitzetatik eraiki daitekela”.
Karmelo Landa eta Felicitas Lorenzo ariko dira berbaldiak ematen, eta Gernika eta Lleidaren arteko senidetza landuz, 1938-1945 Campos de Trabajo Forzado de represaliados en Lleida hitzaldia eskainiko dute Astran. Ekitaldi antimilitarista ere egingo du plataformak Merkurion.
Zine proiekzioek ere leku garrantzitsua hartuko dute aurtengo egitarauan. Zine Klubak antolatuta, Una gran mujer ikus-entzunezkoa ikusi ahalko da Lizeo Antzokian, baita Ane Irazabal zuzendari duen Awlad, Hesiak Gainditu dokumentala ere. Leningradoko asedioaren drama historikoaren osteko garaia jorratzen du lehenengo filmak, eta gerran dauden jaioterriak utzi dituzten lau adingaberen pausoak jarraitzen ditu Irazabalek bigarrenean. Era batera edo bestera memoriaren lanketagaz zerikusia duten ikus-entzunezkoak aukeratzen dituzte Zine Klubekoek, eta urterik urteroko elkarlanaren adibide bihurtu da.
Euskal Herrian Euskaraz taldearen aldetik, euskara eta memoriaren arteko emakizuna prestatu dute. Hizkuntza, kultura eta memoriari buruzko gogoeta bultzatu gura dute, eta memoria garai berrietara eta belaunaldi berrietara gerturatzeko asmoz, ikus-entzunezko proiekzio bi prestatu dituzte: “Formatu horren bitartez memoria bultzatzea bilatu dugu, memoria zabaltzeko aukera”.
Gernika 2037.
Memoria bizirik mantentzeko lan egiten dute plataformako kideek, eta memoria hori zabaltzea dute helburu. Horrela, urteurren honetako berritasuna da Gernika 2037 webgunea aurkeztuko dutela.
Gernikako bonbardaketa eta herriko garapenaren memoria bilduko duen mapa interaktiboa da, memoria eta espazio publikoa lantzen duen proiektua. Azken urteetan, memoria eta espazio publikoari buruz hainbat hausnarketa egin ondoren abiarazi zuten “memoriaren transmisioa” lantzeko proiektua Lobak taldekoek. Hain zuzen ere, memoriaren lanketa egin duten eragile ezberdinen informazioa lortu dute, eta hori teknologia berrietan zabaltzea da eurek hasieratik bilatu dutena.
Gaur egungo irakurketa.
Gernika Batzordeak kandelen ibilbidearen amaieran egingo duen adierazpenean, gaur egungo testuinguruari erreferentzia egingo diotela adierazi dute. “Euskal Herriak gerrari ezetza adierazteko beste era bat izango da. Guk gerra pairatu genuen, eta beste inon ez dugu gerrarik gura. Ez dugu beste Gernikarik nahi. Elkarrizketa, bakea, burujabetza eta bizitzek eduki beharko lukete protagonismoa, eta ez gerraren aldeko diskurtsoek”, argi adierazi dute plataformako kideek.
Askatasuna gura dute eurentzat, baita munduko herritar guztientzat ere. Ez dakite Errusiaren inbasioa zein egoeratan egongo den hilabete barru, baina gertaera hori presente egongo dela azaldu dute: “Beti egon dira beste Gernika batzuk. Mundu mailan ere, azken bi hilabeteetan Guernica koadroarekiko erreferentzia asko egin dira Ukrainako errealitatea adierazteko. Beraz, Guernica Gernikara ekartzeko aldarrikapenak gaur egun ere bere zentzu guztia daukala esan genezake. Argi dago Guernica koadroa gaur egungo gertaerak islatzeko erabiltzen dela, kontinente bat eskaintzen duelako. Eta nork eskaini dezake eduki hori? Gernikak baino ez”.