Aukerak Suspertzen programarako boluntarioak behar dituzte Bermeon
Desabantaila sozialean dauden Lehen edo Bigarren Hezkuntzako adingabeei zuzenduta dagoen proiektua da.
Bermeoko Udalak jarraipena emango dio Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak martxan jarritako Aukerak Suspertzen programari. Hezkuntza prozesuagaz jarraitzeko zailtasunak dituzten eta gizarte-desabantailako egoeran dauden Lehen edo Bigarren Hezkuntzako adingabeei zuzenduta dagoen programa da, hain zuzen ere. Aipatu programa garatzeko eta bere helburuak betetzeko bertoko sare komunitarioaren aktibazioa bilatzen dela azaldu dute Bermeoko Udaletik. Hala, programa horretan parte hartu gura duten boluntarioen bila dabiltza Bermeon.
Bermeoko alkate Aritz Abaroaren esanetan, “oso garrantzitsua” da Aukerak Suspertzen programa hezkuntza prozesuagaz aurrera jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleentzat: “Pandemia garaian hasiera eman genion eta orain ere jarraipena emango diogu. Bermeoko Udalak laguntza programa hau aurrera eramateko lokala jarriko du. Boluntarioak behar ditugu eta udaletik herritarrak boluntario gisa lan egitera animatzen ditugu”. Horretarako prest daudenek olgavazquez@agintzari.com posta elektronikara mezu bat bidali dezakete edota 688 76 54 05 telefono zenbakira deitu.
Boluntarioak hezkuntza–laguntza gauzatzeaz arduratuko dira, horretarako, adingabe bakoitzaren beharrak identifikatuz. Eskolako lanak egitera, gaitasun digitalen edota linguistikoen garapenera eta ikasteko tekniken ikaskuntzan dauden beharrak asetzera bideratuta dago. Gainera, modu osagarrian familiekin lan egiten da. Hala, horiek ere seme-alabei laguntzeko gaitasunak garatu ditzakete. Hori guztia aurrera eroan ahal izateko, irizpide zehatz batzuk betetzen dituzten haur eta nerabeei beharrezko materiala emango zaie.
Astean, gutxienez, ordu bateko laguntza izango du ikasleak ikasturtea amaitu bitartean. Aldi berean, familiek 1,5 orduko lau saiotan parte hartzeko aukera edukiko dute. Saioak erakunde bakoitzeko profesionalek dinamizatuko dituzte.