Denboraldiko bigarren garaipena lortu dute basurdeek
Ohorezko Mailaren 14. jardunaldian, Gernika Rugby Taldeak 24 eta 26 irabazi dio C.P. Les Abellesi. Xabier Albizua Gernika RTko jokalariak azpimarratu du azkenengo bi partiduak irabazi behar dituztela. Ligaren azkenengo bi jardunaldiak Urbietan lehiatuko dituzte.
Merezitako garaipena heldu zitzaien atzo [martxoak 27] basurdeei, Valentzian. Ohorezko Mailaren 14. jardunaldia lehiatu zuten Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak eta C.P. Les Abellesek, eta 24 eta 26 irabazi zuen talde gernikarrak.
Sailkapenaren azkenengo postutik ihes egin ezinik ari dira basurdeak denboraldi hasieratik, eta liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, atzokoa denboraldi honetako bigarren garaipena da. Gaur gaurkoz 12 puntu ditu klub gernikarrak, eta bi puntura dauka CR La Vila–hiru partidu irabazita–.
Xabier Albizua Gernika RTko jokalariak esan du azkenengo momentura arte borrokatzen egon zirela, eta bigarren zatian nahiz eta gauzak oker egon, partiduari buelta ematen jakin zutela: “Taldeak eman beharrekoa eman du. Gogotsu, indartsu egon gara. Sinetsi egin dugu. Azken momentura arte borrokatu dugu. Orain taldea gosez dago, azkenengo bi partiduak irabazi behar ditugu; gure esku dago dana“.
Gernika RT 0 eta 7 aurreratu zen atzo, Marlyn Earl Williamsen entseguari eta Iker Olaetaren transformazioari esker. Lehenengo zatia nahikoa parekatua izan zen; bi taldeek irabazteko nahia erakutsi zuten lehenengo momentutik, eta ezer ezkutatu gabe, erasoan gogor ekin eta aurreko lanean aritu ziren. Defentsa lana giltzarria izan zen. Bi zelaietan ikusi ziren entsegu lerrotik gertuko jokaldi eta aukera nahikoa garbiak.
Lehen zatiaren azken hamar minutuetan heldu zen etxekoen entsegua–Jorge Perezek egin zuen–, eta horrela, berdindu zuten markagailua (7-7). Gero, 40. minutua beteta zela, Gernika RTk bigarren entsegua lortu zuen: alboko sake batean hasitako jokaldian, Reuben Du Plooy izan zen baloia entsegu-eremuan pausatzea lortu zuena. Olaeta kapitainak transformatu zuen, eta 7 eta 14ko markagailuagaz ailegatu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatiaren zenbait minututan partidua “hankaz gora jarri” zitzaien basurdeei, eta Albizuak esan modura, garaipen gose horrek azken unera arte ekiteko eta euren “aukeretan sinesteko indarra eman” zien.
Mario Javier Barrionuevo etxeko jokalariak egindako entseguagaz, bi puntuko aldea zeukaten, eta jarraian, markagailuan aurretik jartzea lortu zuen Les Abellesek. Hala ere, azkar erantzun zuen talde gernikarrak: Hanno Snymanek egin zuen taldearen hirugarren entsegua. Inor ez zegoen amore emateko prest, eta Emilien Cabaleren entsegu batekin erantzun zuen talde valentziarrak. Gernikarrak aurretik ziren oraindik, baina, berriro ere, bi puntuko errenta baino ez zeukaten, eta beraz, entsegu zein zigor ostiko batek dena aldatu zezakeen.
Partidua amaitzeko bederatzi minutu baino falta zirenean, Ricardo Enrique Michanen entseguagaz etxekoek markagailuan aurretik jartzea lortu zuten (24-19). Azken segunduan, baina, Fagu Malloyk berdinketaren entsegua egin, eta Olaetak egin zuen garaipenaren transformazioa.
Azkenak, etxean. Ligaren azkenengo bi jardunaldiak Urbietan jokatuko ditu talde gernikarrak. Bi aste barru Ciencias Enersideren kontra jokatuko du, eta azkenengo jardunaldia SilverStorm El Salvador taldearen kontrakoa izango da. Hain zuzen ere, basurdeek denboraldian lortutako bi garaipenak etxetik kanpo lortu ditu, eta Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzaile gernikarrak azpimarratu du taldeak “bere zaleei merezi duten poztasuna eman eta eurekin garaipena ospatu ahal izateko motibazioarekin lanean jarraituko duela datozen asteetan”.
Maidaganek esan du La Vila azkenaurrekoaren kontra galdu eta hiru aste lehiatu barik egon ostean, gorengo kategorian mantentzeko “euren aukeretan sinisten” zutela: “Gaur gaurkoz behetik bagaude ere, gure aukeretan sinisten segitzen dugu eta aurreko hiru asteetako lana igarri zen atzoko partiduan. Agian, aurretik landutakoa partiduan egitea lortu dugun urteko lehenengo partidua izan da”. Orain etxean “bi final” dauzkatela gogoratu du, eta esan duenez, bi partidu horiek irabazteko gai direla sinisten dute: “Betebehar hori daukagu”.