Bermeoko inguruak hobeto ezagutzeko irteera egin dute Sollube 707 mendi taldekoen eskutik
Sollube 707 Mendi Taldeak antolatuta, Bermeoko inguruak ezagutzen martxa egin zuten atzo (martxoak 27). 32 mendigoizalek parte hartu zuten, eta bermeotarrekin batera, Gernika-Lumoko Goi-Zale Mendi Taldeko sei kidek egin zuten ibilbidea.
Jose Antonio Erauzkin Artike plazatxoan hasi zuten martxa. Altamiratik Santa Kruzerako bidean, harrizko gurutze bat dago inskripzio honekin: “ E puso el año 1831(7?)-10?”. Santa Krutzeko ermitaren kokapena eta historia erakutsi zizkieten parte-hartzaileei. Galdizko Mintegia ere ikusi zuten, eta berau zertarako erabiltzen zuten azaldu zuten antolatzaileek. Azkenik, Sartzailekuko karobiaren kokapena ikusita, mendian dauden zenbait ondareren barri jakinda, Bermeorako bidea hartu zuten. “Jendeak pozik amaitu zuen, eta Bermeoko mendietan beste leku interesgarri batzuk ezagutzeko gogoz geratu ziren”, esan dute Sollube 707 Mendi Taldeko kideek.