Arrizabalaga eta Gaminde, binakako txapeldunak
Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Enara Gaminde laukiztarrak irabazi dute Master Laboral Kutxako binakako txapelketa. Gaurko Irungo finalean hasieratik izan dira jaun eta jabe, eta hiru tantotan utzi dituzte Amaia Aldai eta Andrea Capellan.
Hirugarren finalean txapela. Olatz Arrizabalagarentzat binakako hirugarren finala izan da gaurkoa, eta aurreko bietako arantza kendu, eta bere aurtengo helburu nagusienetakoa lortu du, txapela janztea. Aurrelari gernikarrak eta Enara Gaminde atzelari laukiztarrak irabazi dute Master Laboral Kutxako binakako txapelketa. Elite mailako pilota mistoko gaurko finalean 3 eta 22 mendean hartu dituzte Amaia Aldai dimoztarra eta Andrea Capellan errioxarra, Irungo Uranzu pilotalekuan.
Arrizabalagak aitortu du txapela irabazteko erronka hori dela-eta, beldur apur bategaz heldu dela finalera: “Aurreko bietan penaz egon nintzen, nire maila eman bai, baina azkenengo pauso hori eman ez izanagatik. Gaur pozarren nago”.
Hasieratik nagusi izan da Arrizabalaga-Gaminde bikotea. Aldai eta Capellan ahalegindu dira, baina ezinean aritu dira. Espero zutena baino garaipen errazagoa izan da; izan ere, gernikarrak esan modura, partidu gogorra espero zuten: “Lan egitera etorri gara, eta hasieran ikusi dugunez hain ondo hasi garela, hobeto jokatzerik ez zegoela, eta Andreari urduritasunak apur bat gehiago eragin diola, erabaki dugu aurrera segitzea”.
14 urtegaz binakako txapeldun izatea lortu du Laukizko atzelariak, ez da ez, edozelako marka: “Ez dut inoiz pentsatu halakorik irabaziko nuenik, eta gutxiago 14 urtegaz, oso pozik nago. Txapelketa oso ona egin dugu bai Olatzek eta bai nik. Gaur ez genuen halako emaitzarik espero. Uste dut gure lana oso ondo egin dugula; Amaia desesperatzen saiatu gara, eta lortu dugu”. Orain arteko partiduetan erakutsi duen konfiantza erakutsi du beste behin, gaztetasuna ez zaio igarri kantxan. Sendo eta seguru jokatu du gaur ere: “Barrutik ez naiz egon hain lasai, baina kontrolatzen jakin dut, eta partiduagaz gozatu dut”.
0-6ko partzialagaz hasi dira, eta Arrizabalagari horma bikoak kanpora alde egitean lortu dute gorriek euren lehenengo tantoa. Gero, Aldaik berak egin du euren bigarrena (2 eta 10). Baina, Arrizabalagak eta Gamindek partidua erabat apurtzea lortu dute, eta aurkariek ez dute zereginik eduki. Aldaik arriskuak hartu ditu, baina ez zaio ondo atera. Aurrelari gernikarrak tanto politak egin ditu, eta berme osoko aurrelaria dela berretsi du, indartsua, abiadura daukana eta egoki jokatzen duena.
Ligaxkaren 1. jardunaldian Eibarko Astelenan lehiatu ziren bikote finalistak, eta gaur ez bezala, lehia oso estua eduki zuten orduan. Partidu parekatu hartan, 22 eta 16 nagusitu ziren gernikarra eta laukiztarra. “Bi partiduek ez daukate batere zerikusirik; ligaxkako partidu hartan ikusi zen euren benetako maila. Kristoren partidua izan zen. Gaur, zoritxarrez, eurei tokatu zaie txanponaren beste aldea. Baina, beno, finaletara heldu egin behar da, eta finalak jokatu egin behar dira”, esan du Arrizabalagak.
Txapelketa bikaina egin dute hasieratik amaierara, borobila. Txapeldunek binakako txapelketaren partidu guztiak irabazi dituzte, oso erregular eta seguru aritu dira. Bikoterik indartsuena izan da, eta hori berretsi dute gaurkoan. Egindako lanaren ondo merezitako ordaina jaso dute. Gaminderen maila goraipatu du beste behin Gernika-Lumoko pilotariak: “Uste dut oraintxe momentuan dagoen atzelaririk onena dela. Sekulako segurtasuna ematen du, eta gaur ez zaio igarri urduri zegoela ere. 14 urtegaz meritua dauka halako lasaitasunagaz jokatzeak, eta aurrelariari lasaitasun hori transmititzeak. Berme oso ona da”.
Halaber, klubaren lana ere nabarmendu gura izan du gernikarrak, Aldai, Gaminde eta bera Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkartekoak baitira: “Gutxitan pasatzen da lau finalistetatik hiru klub berdinekoak izatea, gauzak ondo egiten direnaren seinale da”. Aldaik ere bere taldekideak zoriondu ditu, merezitako txapeldunak direla azpimarratuz, eta Arrizabalagak modura, hark ere klubaren lana izan du hizpide: “Eurengandik oso pozik nago, eurekin egiten dut lan urte osoan zehar, eta, uste dut merezita daukatela. Gure taldean zelako lana egiten den ikusten da, emakumeen pilota aurrera ateratzeko lanean gabiltza, eta eurek gaur erakutsi dute”.
Hain zuzen ere, besteak beste, kluben lanaren erakusgarri dira Emakume Master Cup txapelketak. Esate baterako, aurtengo binakakoan 84 pilotarik parte hartu dute, bost mailatan banatuta, eta hiru hilabete iraun ditu txapelketak.