Familian euskaraz jolasean
Gernika-Lumoko Berbalagunen, AEK euskaltegiaren, Aita Luis Villasante Udal Euskaltegiaren, Busturialdean Euskerazen eta udalaren euskara zerbitzuaren eskutik, 'Familian euskaraz jolasean' saioa egin dute Gernika-Lumon. Hamaika joko egin, Korrikaren kantagaz dantzatu, eta bi aste barru arineketan egiteko petoak margotu dituzte.
Badator Korrika! Atzera kontaketa hasi da. Eguenean (martxoak 31) Amurrion hasi, eta apirilaren 10ean Donostian amaituko den 22.Korrikak “ekiteko ordua” dela-eta, hitzetik ekintzetara salto egiteko deia luzatuko du Euskal Herrian barrena.
Hitz egin, eta ekin, “22. tantoa egiteko unea” delako. Izan ere, aurtengo KorrikarenĀ aurkezpenean esan zuten legez, partida irabazi behar da euskaraz eginez, eraginez, eta eginaraziz. Nork bere tokitik, eta egin beharretik ekinez: “Orain bukatu behar da tantoa, orain irabazi behar da partida. 22. Korrikara batzeko unea da. Eginez eragingo dugu, eta eginaraziko diogu elkarri. Ikasle, agintari zein eragile orok, guztiok elkarrekin. Zerekin? Hitzekin. Hitzarekin eta ekinarekin. Hitzek, hizkuntza. Ekinak, herria. Hitzekin ulertzen dugu hizkuntzan, beraz, ekin; euskaraz egin. Beraz, ikasle, euskaldun, erdaldun, eragile, agintari ekin, elkarrekin, gantxoz, bi paretaz zein botez. Baliabide anitzekin eta guziok hitza emanez. Ekin, eragin eta eginarazi. Ekin Korrikari”.
Hitzekin lelopean dator 22. Korrika, eta gurera apirilaren 7an ailegatuko da; eguerdianĀ Bermeotik sartuko da Busturialdera. Motorrak berotzeko unea da, beraz, eta esate baterako, Gernika-Lumoko Berbalagunen, AEK euskaltegiaren, Aita Luis Villasante Udal Euskaltegiaren, Busturialdean Euskerazen eta udalaren euskara zerbitzuaren eskutik, Familian euskaraz jolasean aritu ziren atzo arratsaldean, Gernika-Lumon. Hamaika joko egin zituzten Astran batutakoek. Gainera, bi aste barru arineketan egiteko petoa ere margotu, eta Korrikaren aurtengo kantagaz koreografia ikasi eta dotore dantzatu zuten.