Elkarlanean biodibertsitatea kontserbatzen
Ekoetxea Urdaibaik antolatutako Zuhaitz Egunean 100 zuhaitz landatu dituzte Undabason, Lurgaia Fundazioagaz lankidetzan.
Ekoetxea Urdaibairen eta Lurgaia Fundazioaren elkarlanari esker, beste 100 bat zuhaitz daude Urdaibai Biosfera Erreserbako “harizti misto nagusiena eta Bizkaiko handienetakoa” den Undabason. 20 bat boluntariok parte hartu zuten martxoaren 20ko saioan, eta besteak beste, haritzak, teilak, ezkiak, gaztainondoak, pagoak, hurrak eta gaztainondoak landatu zituzten.
“Ekoetxea Urdaibaik 2021 urteko CO2 emisioak konpentsatu ditu, Undabason 100 zuhaitz landatuz”, adierazi dute ingurumen-hezkuntzako zentroaren arduradunek. Busturian dagoen Ekoetxea Urdaibaik energia berriztagarriak–fotovoltaikoa eta geotermikoa–dauzka bere instalazioetan, eta “karbono-aztarna kalkulatzeko eta saihestu ezineko emisioak konpentsatzeko” azterketa bat egin dute; eraikinaren energia-gastua, langileen eta hornitzaileen joan-etorriak, ikastetxeetako eta talde antolatuetako autobusak, jardueretan erabilitako ontziak eta abar aztertu ostean, ondorioztatu dute Ekoetxea Urdaibaik 34 tona CO2 sortu zituela iaz.
Zentrotik gogoratu bezala, zuhaitzek karbono dioxidoa xurgatzen dute hazteko, eta beraz, “aukera bikaina” dira karbono-aztarna konpentsatzeko. “Sortutako CO2 tona bakoitzeko hiru zuhaitz landatu behar direla kontuan hartuta, zentroaren karbono-aztarna konpentsatzeko 102 zuhaitz landatu behar genituela kalkulatu genuen”, azaldu dute.
Lurgaia Fundazioa eta Undabaso
Lurgaia Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, eta biodibertsitatea kontserbatzen eta natur ondarea kudeatzen laguntzea du helburua: espezieak, habitatak, prozesu ekologikoak eta paisaia. Ekoetxea Urdaibai, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen zentroen sarearen parte da, eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak kudeatzen du.
Lurgaia Fundazioak basoak lehengoratzeko prozesuan dihardu, eta 200 hektarea inguru kudeatzen ditu Urdaibaiko Biosferaren Erreserban. “Undabason dago etorkizuneko baso handia”, azpimarratu dute fundazioaren arduradunek: “Bertan biodibertsitatea berreskuratuz doa, eta bizitzeko leku bat eman zaie bertoko espezieei. Espezie zehatzak berreskuratzeko ahaleginek ez dute ezertarako balio, aurrera egiteko behar dituzten ekosistemak berreskuratzen ez badira. 2008az geroztik, basoa, oso gaztea izanik ere, hazten ari da azaleran eta biodibertsitatean. Lehen urteetan berreskuratutako eremuek itxura naturala eta harrigarria dute, eta nabarmena da landare- eta fauna-espezieen hazkundea. Ez dugu lanaren emaitza bere osotasunean ikusiko, baina etorkizuneko belaunaldientzako ondarea da. Haiek gozatuko dute etorkizuneko baso horretaz”.