Denboraldi amaierarako indarrak hartuta
Erregina Koparen finalaurrekoan Lointek Gernika Bizkaiak 72 eta 56 galdu du Perfumerias Avenida indartsuaren kontra. Kopan egindako lan zein sentsazio onak nabarmendu dituzte klub gernikarraren jokalariek eta entrenatzaileak. Kopan egindakoak ligaren azken txanparako indarrak hartzeko balio izatea espero dute.
Ez da denboraldi erraza Lointek Gernika Bizkaiarentzat, baina Erregina Kopan harro egoteko moduko lana egin, eta maila eman dute jokalariek. Gaurko finalerdian nortasuna erakutsi du, baina, oraingoan ere Emakumezkoen Ligako talde indartsuenetakoak ez du parkatu. 72 eta 56 irabazita lortu du Perfumerias Avenidak biharko finalerako txartela. Beste behin final handian egongo da titulua lortzeko faborito nagusia; Spar Girona egungo txapeldunaren kontra lehiatuko du finala–Valencia Basketi 59-67 irabazi dio finalerdia–. Irabaziz gero, hamargarren kopa izango da Avenidarentzat, Gironak, berriz, iaz irabazi zuen lehenengoz.
Gernika-Lumoko taldeak Avenida handiari aurre egin dio gaur, bai behintzat, 35 minututan. Baina, azken laurdenean errenta handitu du Salamancako taldeak, eta hamar-hamabi puntuko aldea lortzean partidua erabakita utzi du.
Mario Lopez Gernikaren entrenatzaileak jokalariak zoriondu ditu egindako esfrotzuagatik. Final-laurdenean eta gaurko finalerdian egindako lana nabarmendu du, baita gaur kantxan erakutsitako nortasuna ere. Erregina Kopan egindako lan onak denboraldi amaierarako indarrak hartzeko balio diela esan du Lopezek, “eta hori zen helburuetako bat”. Entrenatzaile gernikarraren berbetan, “taldeak bere buruari erakutsi dio nortasuna eta izaera sendoa” dauzkala pistan: “Ligaren bigarren bueltan falta izan zaigu hori. Eta taldeak bere buruari erakutsi dio saskibaloian ondo jokatu dezakeela; uste dut kopako bi partiduetan ondo jokatu dugula. Jokalariek ulertu behar dute maila honetan jokatu genezakeela; noski, indarberrituta irten behar gara, eta espero dut hurrengo partiduan hori islatzea”.
Ildo beretik, Roso Buch mataroar jokalariak adierazi du kopan erakutsi duten jarreragaz eta danak bat eginda segitu behar dutela: “Azkenaldia nahikoa ezkorra izan da, gogorra izan da denontzat. Badakigu ligan zer egin behar dugun, eta hemengo lana ikusteak eta zaleen bultzadak indarra ematen digute gure helburuak lortzeko”.
Bere hitzetan, finalerdia “borrokatu” dute, eta nahi zuten partidua egin dute: “Baina amaieran gasolina amaitu zaigu, eta azken laurdenean partiduak ihes egin digu. Bagenekien partzial on bat lortuta ere, zaila zela buelta ematea. Eurek momentu erabakigarrietan baloia ondo mugitzen jakin dute, eta gu estutzen ahalegindu gara”. Bazekiten partidu hasieratik amaierara Avenidakoen intentsita beragaz jokatu behar zutela, Cadi La Seuren kontra egin zuten moduan: “Uste dut egin dugula eta harro egon behar dugula; liderrari ondo eutsi diogu”.
Alberdi: “Denboraldi amaierarako gutxi geratzen bada ere, hemen etapa berri bat hasten da; sentsazio hauekin jarraitu behar dugu”.
Bere taldekide Marta Alberdi gernikarrak ere baikor hitz egin du, eta bere ustez, kopa inflexio puntua izan da: “Taldeagaz oso harro nago, inoiz baino hobeto lehiatu dugu partidua. Eskuan eduki dugu, baina azken laurdenean ikusi da Avenida dela; defentsa lana ondo prestatuta ailegatu gara partidura, baina edozein momentutan partidua apurtzen du Avenidak. Dinamika txar batetik etorri gara kopara, eta hau inflexio puntu moduan hartu behar dugu. Denboraldi amaierarako gutxi geratzen bada ere, hemen etapa berri bat hasten da; sentsazio hauekin jarraitu behar dugu”.
Finalaurrekoa 10-4ko partzialagaz hasi badute ere, erasoan erritmo biziagoa lortzeko gai izan da talde gernikarra, eta 21eko berdinketaren ostean, 23 eta 21 amaitu dute lehenengo laurdena. Lopezek azaldu bezala, hasieran “zalantza batzuekin irten” dira, baina lehenengo bi laurdenetan eutsi, eta nor baino nor gehiago aritu dira bi taldeak. 33 eta 30eko markagailuagaz heldu dira atsedenaldira. “Zuzeneko blokeoagaz min egin digute eta guri saskiratzea apur bat gehiago kostatu zaigu. Baina atsedenaldira arte aurre egin diegu, eta hirugarren laurdenean ere ildo beretik jarraitu dugu”. Azken laurdenean zazpi puntuko aldeari buelta ematen ez dutela asmatu zehaztu du. Azken txanpan saskiratzeko eta baloia mugitzeko “arazo asko” eduki dituzte: “Energia gutxi geratzen zitzaigun, eta freskotasun falta ere igarri da. Avenidak bi hiruko jarraian sartzea erabakigarria izan da”.
1…2…3… GERNIKA! 👏🏼👏🏼👏🏼#GutarikoBat 💜 pic.twitter.com/iD8PHxpcPZ
— Lointek Gernika Bizkaia (@GKesb) March 26, 2022