Udal kirol eraikinetako garbitzaileek akordioa lortu badute ere, greban segitzen dute
Udaleko hainbat eraikinetako eta gizarte ongizateko eraikineko garbitzaileek ez dute akordiorik lortu. Udala bitartekari lanak egiten ari da, baina alkateak azpimarratu du akordioa garbitzaile eta enpresek lortu behar dutela.
Bermeoko udal kirol eraikinetako garbitzaileek akordioa lortu dute enpresarekin, baina greban jarraituko dutela adierazi dute, udaleko hainbat eraikinetako eta gizarte ongizateko eraikineko garbitzaileek oraindik ez dutelako akordiorik eskuratu. “Bermeoko udal eraikinetako garbitzaileen greba ez da bukatu, ez baita benetako konponbiderik eman. Garbiketa zerbitzua hiru eremutan banatzen da, eta arlo bakoitzak lizitazio prozesu ezberdina dauka. Hiruretatik bakarra itxi da, eta beste biak konpontzeko daude oraindik. Beraz, greba deialdia indarrean dago, emakume guztion egoera erregularizatu dadin”, adierazi dute greban dauden garbitzaileek.
Gaurko osoko bilkuran Guzanek galdetu du zein den garbitzaileen egungo egoera, eta hiru eremuetatik bitan negoziaketekin jarraitzen dutela adierazi dute garbitzaileek. Hain zuzen ere, bost dira akordioa sinatu duten garbitzaileak, eta zazpi dira euren eskubideak defendatzeko greban jarraitzen dutenak: seik udaleko hainbat eraikinetan eta bakarrak gizarte ongizateko eraikinean.
Alkateak adierazi du akordioa lortzeko bide horretan bitartekari lanak egin dituela udalak, eta gaineratu du akordioa garbitzaile eta enpresek lortu dutela. Hain zuzen ere, udal kirol eraikinetako akordioa udalak pleguetan egindako aldaketa bati esker lortu dutela azaldu du Aritz Abaroa alkateak, eta ondorioz, hurrengo egunetan kiroldegiko garbitzaileak bertan egongo direla adierazi du: “Kiroldegiko eremuari dagokionez, udaletik egin dugun aldaketa bati esker, akordioa sinatu dute enpresak eta langileek. Ondorioz, datozen egunetan, kiroldegiko garbitasuna berriro aktibatuko da eta zerbitzuak %100ean bermatu ahalko ditugu”. Urrats “garrantzitsu” eman dutela dio, baina bigarren urrats bat eman beharko dutela gaineratu du, “beste bi eremuetan ere akordioa lortu behar delako”.
Gaur egungo egoera azaltzerakoan, beste bi eremuetako garbitzaileen egoera konpontzeko bitartekari lanekin jarraitzen dutela gaineratu du: “Enpresako ordezkariekin eta sindikatuko ordezkariekin batzartu gara, eta berriro egotekotan gaude”.
Beste bi eremuetakoa “beste errealitate” bat dela dio alkateak, akordioa lortu den eremuan egindako aldaketa ezin delako eremu horietan egin: “Lortutako akordioa da langileek beste langile guztiei zabaltzea gura dutena. Baina errealitatea bestelakoa da, egoera juridikoa desberdina delako. Izan ere, eremu hauetan ezin dugu beste akordioko aldaketa egin, pleguak eginda eta zehaztuta daudelako; hau da, ezin dugu langileen soldata %10ean hobetu”. Hori dela eta, akordioak lantzeko aukerak langile eta enpresek ere aztertu behar dituztela dio Abaroak. “Atzo bertan batzartu ginen enpresagaz, izan ere, denok daukagu egoera hau konpontzeko gogoa, normaltasunera bueltatzeko gogoa, zerbitzua berreskuratzekoa eta langileek euren hobekuntzak izatekoa. Horregatik, ari gara lanean”, gaineratu du.
“Babes falta”.
Bermeoko EH Bilduk eta Guzanek udalak garbitzaileekiko izan duen “babes falta” salatu dute, baita garbitzaileek eurek ere. Osoko bilkuran parte hartu dute, eta udalari “ahalegin handiagoa” egin ez izana leporatu diote, baita “lehenago ez jardun” izana ere.
EH Bilduk gogoratu du garbitzaileek greba hasi zuten momentutik eskatu ziotela udalari bitartekari lanak egiteko: “Uste dugu egoera beste era batera ere kudeatu zitekeela, eta denboran larregi luzatu dela”. Akordioa lortzea “aurrera pauso garrantzitsua” izan dela onartu dute, baina, era berean, salatu dute langileek jaso duten presioa “oso gogorra” izan dela: “Greba horren luzea izateak ezinegona sortzen du, eta kalean geratzeko beldurra ere handia izan da.
Koalizio abertzaleak, gainera, hurrengo pleguetan garbitzaileen lan baldintzak hobetzeko ahalegina egitea eskatu dio udalari: “Hurrengo pleguetan, euren lan baldintzak hobetu beharko dira: ordezkapenak noiz eta zelan antolatu, lanaldiak handitu, euren lan baldintzak hobetu… Udal eskumenak kontuan hartuta, egin daitezkeen aldaketak dira”.
Guzaneko ordezkaria den Xabier Ortuzarrek udalaren kudeaketa “ez dela gertukoa izan” adierazi du: “Sentitu dugu arazoaren kudeaketa oso txarra izan dela. Langileak Bermeoko herritarrak ere badira, eta uste dugu eurekiko enpatia falta erakutsi duela udalak. Lehenengo pausoa ez da pertsonekin berba egitea edota eurekin batzartzea izan, arazotik aldentzea baino. Udalak administrazioaren mugak zeintzuk ziren azal zitzakeen, baina ez du hori egin orain dela gutxira arte. Hasieran enpresekin bakarrik batzartzeko erabakia hartu zuen, eta hori ez da egoera kudeatzeko era egokia izan”.
Guzanek hartutako erabakiez hausnartzera deitu ditu udaleko kideak: “Dena ez da ondo egin, eta horri buruz hausnartu behar dela uste dut. Andrek grebarako erabakia hartu zuten, eta eurentzako ere oso gogorra izan da dena. Presio asko izan dute, eta txarto sentitu dira euren lana ez egiteagatik. Pertsona modura tratatu behar zaie”.