Ekoetxea Sareak 'Planetaren Orduarekin' bat egiteko deia luzatu die herritarrei
Planetaren Ordua nazioarteko ekimenagaz bat egin du Eusko Jaurlaritzaren Ekoetxea Sareak. Berau osatzen duten ingurumen-hezkuntzako zentro horietan argiak itzaliko dituzte bihar (martxoak 26) 20:30etik 21:30era.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bidez kudeatzen dituen zentroak honako hauek dira: Ekoetxea Urdaibai, Ekoetxea Meatzaldea, Ekoetxea Txingudi eta Ekoetxea Azpeitia.
Naturarako Munduko Funtsak (WWF) antolatutakoa da biharko egitasmoa. Hain zuzen ere, klima aldaketaren aurkako keinu gisa Sidneyn sortutako mundu-ekimen bat da. “Maila globaleko 15 ediziorekin, deialdia egiten dutenek erronka bat proposatzen dute: Planetari buelta ematea, beraren perimetroaren 40.000 kilometroak batuz, biodibertsitatearen galera gelditzeak eta C02 isurketak 2030erako erdira jaisteak plantatzen duen berehalako erronkaren metafora gisa”, azaldu dute Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren arduradunek.
Euskal herritarrei ekimenagaz bat egiteko deia luzatzeagaz batera, erronka global digital honen berehalakotasunaz eta argiak itzaltzearen moduko keinu sinbolikoek gure gizartean duten garrantziaz kontzientziatzeko helburuagaz bideo labur bat zabaldu du Ekoetxea Sareak: “Halako keinuak lagungarriak dira ingurumen-erronkak gehiago hedatzeko eta haien inplikazioaren alde egiteko”.