Aterpe berri bat musikarentzat
Kult Parnasoa izeneko kulturgunea sortu dute Gernika-Lumon hainbat belaunalditako musikazaleek, eta Lekuek jaialdiko egitarauan parte hartu dute.
Musika eta Gernika-Lumo betidanik esku-eskutik joan izan dira. Astra kulturarako fabrika sozialari, Iparragirre Rock Elkarteari nahiz Lizeo Antzokiari beste epizentro musikal bat gehitu zaie orain: Kult Parnasoa izeneko aretoa. Elkarte eta txoko berri hori “beharrizanei eta sentsibilitateari erantzunez ernaldutako hazia” dela diote sortzaileek.
Izan ere, kultur ekoizpenaren aterpean hazi eta hezitako hainbat pertsonek elkarlanean eta hutsetik abiatutako egitasmoa da Kult Parnasoa, auzolan osoan. “Urte pila batean kulturaren inguruan ibili izan diren lagunen artean sortutako ekimena da, eta adin tarte, interes zein kezka ezberdinak dituen pertsonen profilak barnebiltzen ditu”, azaldu dute elkartekoek. Proiektuaren hastapenean, pertsona multzo txiki batek hartu zuen espazio berri bat sortzeko ardura, baina, eta denboraren poderioz, ahoz ahoko transmisioak bere bidea egin du, eta, lehendabiziko harria jarri zutenez geroztik urtebete bete berritan, 50 pertsona inguruk osatzen dute parnasotarren familia.
“Denetariko ereduek” osatzen dute Kult Parnasoko bazkidearen irudi orokorra; funtsean, 20 eta 60 urte arteko pertsonak dira gehientsuenak; Busturialdekoak nahiz inguruko eskualde eta eremuetakoak. Argitu dutenaren arabera, erabiltzaileetako bakoitzak “interes jakin batzuk” dituen arren, guztiak bide berean ipini dituen hari gidaria “ekimen pertsonal bat martxan jartzeko eta jarduera sozio-kulturalak antolatzeko pasioa” da.
Musikan oinarrituta, denetariko arte adierazpenak ontzea dute helmuga
Elkartea ehuntzeaz gain, aretoa sortzea izan da Kult Parnasoko lagunarteak erdietsi duen lorpenik azpimarragarriena. Gernika-Lumoko Ibarra kaleko industriagunera jo zuten musikazale horiek, beren txokoaren bila. Hautu horren arrazoia argi eta garbia izan zen: isolamendua behar zuten. Hain zuzen, musika emanaldiak zein entseguak egitea hasiera-hasieratik buruan zutenez, herriko etxebizitza inguruetatik “ahal bezain urrunen” egotea bilatu zuten. Era berean, metro karratu dezente izatea bilatu zuten, erosotasuna eta lanerako toki nahikoa izateko eta baita sarbide egokitu bat ere.
Musika ardatz duen egitasmoa izan arren, edozein arte adierazpiderentzat ateak zabal-zabalik dituen gunea da Kult Parnasoa. Hain zuzen, dantza talde bat eta irratsaio libreak egiten dituen lagun talde bat ere elkartearen parte dira egun. Halaber, bazkideek ez diete muzin egiten etorkizun hurbil batean argazkilaritzagaz, bideogintzagaz eta, oro har, ikus-entzunezko edukiekin erlazionaturiko ekimenak gauzatzeari.
Izaera horizontala eta inklusiboa izatea da lagunarte horren jomugetako bat. Horrenbestez, asanblada bidezko antolakuntza sistema jarraitzen dute; bilera horietan, partaideek “bakoitzaren proposamenak, ardurak, ideiak, beharrizanak eta interesak” elkarbanatzen dituzte, eta horrek erabakiak modu parte-hartzailean hartzea dakarkie.
Era berean, bazkide profil bi daude: batetik, espazioaren barne antolakuntzan eragiten duen lantalde bat dago; bestetik, ostera, ekarpen edota laguntza ekonomikoa egiten dutenak ere badaude, alegia, “sentsibilitate ariketa bat egiten dutenak”.
Trinketeren gomutak
Kult Parnasoko hainbat bazkide Gernika-Lumoko Trinkete Antitxokoa kulturgunean ibilitakoak dira, eta beraien eskarmentua baliatu dute bigarren aukera horretan horiek praktikan ipintzeko. Proiektua sortzeko hasierako ideia, hain zuzen, Trinketeko errautsei tiraka jaio zen. Beraz, Kult Parnasoak, honez gero, bere izaera propioa edukiagatik ere, Trinkete Antitxokoaren eragina oraindik “presente” dute beraien iruditegi kolektiboan.
Iruditegian ez ezik, atrezzo aldetik ere badu isla Trinkete izandakoak: altzariak, argiteria eta soinu materiala handik eroandakoak dira. Dena dela, elkartean badira Trinketegaz inongo hartu-eman zuzenik eduki ez duten erabiltzaileak, eta horiek ere “nortasun eta ikusmolde berezia” ematen diote taldeari.
Aurtengo Lekuek jaialdian Bondi22 eta Pol taldeek jo zuten bertan, hilaren 13an
Egun, elkartearen funtzionamendurako dinamikak “oso egoki” ari dira funtzionatzen eta, ondorioz, ez dute “inongo beharrik” sentitzen bazkide gehiago erakartzeko. Hori bai, proiektuaren helburuekin identifikatuta sentitzen diren guztiei luzatu diete “asanbladetara hurreratzeko deialdia”.
Bazkideen ekarpen ekonomikoei, hileko kuotei eta Gernika-Lumoko Udalak emandako diru laguntza bati esker dihardu Kult Parnasoak. Alabaina, elkartekideak kexu dira udalaren eta, oro har, erakundeen egitekoaz mintzo direlarik: “Herritarrek beren kabuz sortzen dituzten kultur ekimenak ez dira behar bezainbeste babesten, eta, hortaz, udaleko ordezkariak hausnarketa sakon bat egitera gonbidatu gura genituzke”, adierazi dute.
Aurtengo Lekuek jaialdian egin zuten Kult Parnasoaren estreinaldi ofiziala: hilaren 13an Bondi22 eta Pol taldeek kontzertuak eman zituzten. Aurretiaz, otsailaren 19an, bazkideen arteko inaugurazioa egin zuten. Lekueken dezibelak eta festa giroa nagusitu ziren, kontzertuak domeka iluntzean izan arren. Bondi22 taldeak rock soinuak eroan zituen Ibarrako aretora, Ramonesen kutsuagaz. Paul Asua Bilbao Kult Parnasoko elkartekidearen Pol taldeak, berriz, giro lasaiagoa agertu zuen Trinkete Antitxokoaren erreleboa harro hartu duen eta musika panoraman geratzeko asmoz heldu den kulturgune berrian.