Aritz Abaroa: "Aste Santurako ezin da Gaztelugatxe zabaldu, hori segurtasun berme guztiekin egin behar delako"
EH Bilduren galderari erantzunda jakinarazi du erabakia Aritz Abaroa alkateak. Koalizio abertzaleak "informazio falta" salatu du, eta baita Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxerekiko aldebakarreko erabakiak hartzen dituela ere.
Bermeoko EH Bilduk eskatuta, Aritz Abaroa Bermeoko alkateak gaurko osoko bilkuran adierazi du gaur gaurkoz Gaztelugatxe ez dutela Aste Santuetarako zabalduko: “Gaztelugatxe zabaltzeko erabakia ez da erabaki politiko bat, teknikoen eskuetan dago. Eta teknikoek diotena da Aste Santuetarako ezin dela Gaztelugatxe zabaldu. Ez dagoela Gaztelugatxe zabaltzeko baimenik sinatuta adierazi dute”.
Alkateak azpimarratu du segurtasun berme guztiak izan arte ez dutela ermitarako bidea irekiko. “Berme guztiekin zabaldu behar da, eta maiatzera arte itxaron behar bada, itxaron egingo dugu. Ezin dena da segurtasun berme guztiak eduki barik zabaldu, eta gero arrisku gune bat sortu”, adierazi du.
Zehaztu duenez, plataforma-indartzeak egiteko erabiltzen diren mikropilotaje teknikak egiten ari dira eremu horretan, eta horiek Pazko Astearen aurretik amaituta izatea aurreikusita egon arren, oraindik ez dituzte amaitu. “Aurreikusita egon da lan horiek Aste Santuetarako amaituta egotea, baina gidarien grebak eta materialen hornidura faltak lan horiek sasoiz ez amaitzea eragin du”, azaldu du alkateak.
Hala ere, biotopoaren goiko aldea zabalik dago, eta hori bideratzeko tiket bidezko sistema martxan dago. Abaroak arrazoitu du sistema hori jende fluxu handia dagoenean aktibatzen dela, eta horregatik aktibatu dutela martxoan: “Teknikoek hori erregulatzeko eta tiket sistema martxan jartzeko eskatu zuten, eta hori egin da”. Gaurko batzarrean, gainera, zehaztu dute Gaztelugatxera 1.333 pertsona sartu ahalko direla: “Europarcek egin zuen azterketa, eta hori da gehieneko kopurua. Orain arte 960 bisitari egon dira sartzen koronabirusagatik, baina koronabirusa egon ezean, gehienez 1.333 pertsona sartu ahalko dira eguneko, txandaka antolatuta”. Txanda bakoitzeko 60 lagun inguru sartuko direla zehaztu dute. “Garrantzitsua da kopuru hori hala mantentzea”, adierazi dute EH Bilduko eta Guzaneko agintariek.
San Juan Egunari dagokionez, 2019an egin bezala, Bermeoko Udalak herriko ohiturak bermatzearen alde egingo duela jakinarazi du alkateak: “2019an eskatu genuen egun berezietan, bermeotarrok Gaztelugatxera joateko aukera izatea, eta kudeaketa hori udalaren esku egotea. Beraz, udaletik bermatuko dugu, beste arazorik ezean, hara joan ahal izatea eta gure ohiturak egin ahal izatea”.
EH Bilduk “oso positiboki” baloratu du alkateak jakinarazi duena. “Uste dugu garrantzitsua dela alkateak adierazi duena: ez dagoela prisarik Gaztekugatxe zabaltzeko”. Adierazi dute edukiera mugagaz ere zalantzak zituztela, baina Europarcen txostena errespetatuko dutela entzutea “pozgarria” dela: “Izan ere, 3.000 pertsonara bueltatzea erabat kexkagarria izango litzateke”.
Mugikortasuna.
Gaztelugatxera joateko mugikortasun ereduak lantzen aritu dela udala jakinarazi du gaur alkateak. Garraio publikoa bultzatu gura dute, udal gobernuaren helburua Gaztelugatxera ahalik eta ibilgailu pribatu gutxien joatea delako. “Autoak Bermeoko Pergolako aparkalekuan uztea bultzatu behar dugu. Horretarako, Bizkaibusekin ere harremanetan egon gara autobus zerbitzu bat jartzeko Gaztelugatxeko joan-etorriak egiteko. Harremanetan gabiltza Bermeo eta Bakio arteko linea hori indartzeko eta jendeari garraio publikoz Gaztelugatxera joateko aukera eskaintzeko”, zehaztu du.
Bermeotik biotopora arteko bidea “hobetu” behar dela gaineratu du, eta adierazi du aldundiari egin diotela errepidea konpontzeko eskaera: “Eskaera hori egin zitzaion, eta aldundia bere azterketak egiten ari da, ze konponketa horiek ere bere zailtasuna dute, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban bizi garelako”.
Bizkaibusekin kontaktuan daudela jakitea ere “egokia” dela diote EH Bildukoek, baina herriko seinaleak “hobetzeko” eskaera egin diote udalari: “Pergolarako aparkalekurako seinaleak hobetu behar dira”. Abaroak zehaztu du hori lantzen dabiltzala, eta proiektu bat daukatela eskuartean: “Udal gobernuaren asmoa da seinaleek Pergolara eta azoka azpiko aparkalekuetara bideratzea bisitariak. Horiek izan behar dira kotxeak uzteko erreferentzia guneak”.
Izan ere, Bermeotik Bakiora arteko zerbitzua bultzatuta, Pergolako aparkalekuan informazio puntu bat jartzeko asmoa dutela iragarri du udal agintariak. Dioenez, Gaztelugatxek jendea erakartzen du, eta bisitari horiek herrian geratzea bultzatu gura dute, “Bermeon kontsumitzeko”. Izan ere, informazio leku horretan kostako herrian non jan, lo egin edo zer bisitatu daitekeen azaldu gura dute.
Guzanekoek adierazi dute “garrantzitsua” dela zehaztea zein esperientzia turistiko bultzatu gura duten. “Gaztelugatxe jendez betez gero, eskainiko dugun esperientzia ez da ona izango. Guk geuk neurtu behar dugu ze jende multzo gura dugun, eta zer motatako esperientza mota eskaini gura dugun”, adierazi du Miren Gabantxo Guzaneko kideak.
Gobernantza eredua.
Gaurko osoko bilkura osteko prentsaurrekoan, Bermeoko EH Bilduk salatu du Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxerekiko “aldebakarreko erabakiak” hartzen dituela. Izan ere, diotenez, gainerako erakundeen eta eragileen iritziak eta ekarpenak “kontutan hartu barik” hartzen ditu erabakiak: “Guzti honek kudeaketaren gardentasun falta dakar, eta Bermeoko nahiz inguruetako herritarrek, enpresariek eta eragileek gestioaren nondik norakoak jakiteko eskubidea daukate”.
Hori dela eta, erakunde eta eragileen arteko koordinazio organoa lehenbailehen sortzea “beharrezkoa” dela uste dute. 2018an eskatu zuten hori, baita iaz ere, eta aho batez onartu zuten proposamena. “Gaztelugatxeri buruzko erabakiak ezin ditu Bizkaiko Foru Aldundiak bere kabuz hartu, gainerako erakunde eta eragileak kontuan hartu barik. Organo kudeatzaile parte hartzaile bat eskatzen dugu, guztion artean erabaki aberatsagoak hartzeko. Batez ere Bermeoko herriaren alde egiteko”.
Bere aldetik, Abaroak adierazi du gobernantza eredua zehazteko lanean ari direla gaur egun: “Protokoloa aktibatuta dago. Lehenengo han ematen diren egoera guztiak identifikatzeko eta eskumena dutenak nortzuk diren identifikatzeko lanean ari dira. Hori eginda jakingo dugu ze eskumen daukan udalak, ze erakunde asko daude, baina ez dago argi zein den zeinen eskumena. Lanketa hori egin behar da, eta horretan ari gara. Hori eginda erabaki beharko da zein den gobernantza eredua”.
Udala eta aldundiaren arteko hartu emanak “zuzenak” izan direla adierazi du alkateak gaurko prentsaurrekoan, baina informazio falta salatu du EH Bilduk: “Uztailean salatu genuen komunikazioan arazo larriak genituela. Izan ere, askotan komunikabideetan jasotako informazioei esker ohartzen gara berritasunez. Batzorde informatiboetatik ez dugu informaziorik jasotzen. Gure galderak erantzunik barik geratzen dira. Propagandaren gobernua izateaz gain, desinformazioaren gobernua da”.