Uraren Nazioarteko Eguna ospatzeko eskaintza dakar Ekoetxea Urdabaik
Herenegun, martxoaren 22a, Uraren Mundu Mailako Eguna izan zen, eta beste behin, Ekoetxea Urdaibaik horri lotutako eskaintzak prestatu ditu. Uraren garrantzia nabarmentzeko eta kudeaketa egokia eta eraginkorra aldarrikatzeko helburuagaz, Lurpeko urak, ikusezina ikusaraztea lelopean egingo dituzte ekintzak.
Itsasoak Bermeo urperatu zuenean ibilbidea egingo dute zapatuan (martxoak 26), 11:00etatik 12:30era. 6 urtetik gorakoek parte hartu ahal dute, eta Bermeoko Lameran elkartuta hasiko dute. Gaur egun Bermeo dagoen tokian iraganean zegoen itsas giroa ulertzeko ibilbide geologikoa dela azaldu dute: “Bermeoko historia, itsasoko zabalgunea zer den eta bere garrantzia, bere arroka edergarrien ezaugarriak eta Aritxatxuko hondartzaren historioa ezagutzeko jarduera da”.
Bermeoko hori ez da izango zapatuko irteera bakarra, Uraren bidexkak. Baldatikaerrekako ur-jauzia ibilbidea ere egingo baitute, 10:30etik 13:30era, Ekoetxea Urdaibaitik irtenda. Ibilbide gidatu zirkular horretan, Urdaibaiko naturaren harribitxi batera hurbilduko dira, Baldatikaerrekako ur jauzira, alegia. Landazabala eta basoak zeharkatuko dituzte, ibar baso magikoaren xarmaz gozatuz. Gernikatik bueltan eramango dituen errege galtzada zeharkatuz amaituko dute ibilaldia.
Bestalde, Mad Science: ur tanta zientziaz gozatzeko ikuskizun-tailerra ere eskainiko dute zentroan bertan, 3 urtetik gorako umeentzat, 17:00etatik 18:0etara. Ur tanta baten bizitza eta historia azalduko dituzte: “Ipuina uraren zikloa era erraz batean azaltzen duen metafora bat da”.
Horrez gain, Uraren zikloa familientzako tailerra egingo dute domekan, 11:00etatik 12:00etara. 4 urtetik gorako umeekin parte hartu daiteke. Parte hartzen dutenek esperimentu dibertigarri bat egingo dute material birziklatuak erabiliz, eta horren bidez, uraren zikloa eta dinamika ikusi eta ikasiko dituzte, modu oso ikusgarrian. Gero, parte-hartzaileek etxera eroango dute sortutako esperimentua. Bestalde, Itsasadarra itsasontziz irteera egiteko aukera ere egongo da, 10:30etik 12:00etara eta 12:00etatik 13:30era.
Izena eman. Ekitaldi guztietan parte hartzeko derrigorra da aurretiaz izena ematea 94-687 04 02 telefono zenbakira idatzita edo info.urdaibai@ekoetxea.eus helbide elektronikora idatzita. Ekintza gehienak doakoak dira; zapatuko Bermeoko irteeran parte hartzeko 3 euro ordaindu behar dira, eta domekan itsasadarretik egingo duten txangorako 6 urtetik beherakoek doan joan ahalko badira ere, 6-18 urte bitartekoek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta 18 urtetik gorakoek 23 euro.