Garapen jasangarria bultzatzeko aukerak bilatzen ari dira eskualdeko ikasleak
Zuk Zeuk lehiaketan parte hartu dute Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxekoek eta Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastolakoek. Bihar egingo duten Zuk Zeuk Lehiaketaren ospakizunetan parte hartuko dute.
Gizarteak bizi dituen erronkentzako erantzun bila ari dira Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat eta hainbat nerabe, tartean Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxekoak eta Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastolakoak. Bihar egingo dute Feel My Way Kooperatibako ekintzale gazteek antolatzen duten Zuk Zeuk Lehiaketaren ospakizuna, eta horretan parte hartuko dute eskualdeko ikasleek.
Horiez gain, beste sei ikastetxeetakoek parte hartuko dute: Andoaingo LaSalle Berrozpe Ikastetxekoek, Bilboko San Adrian BHIkoek, Donostiako Xabier Zubiri Manteo BHIkoek, Elgoibarko Elgoibar Ikastolakoek, Santurtziko Calasanz ikasletxekoek eta Sopuertako San Viator Ikastetxekoek.
Azken bi hilabeteetan, ikastetxe horietako 500 gazte baino gehiago aritu dira Garapen Jasangarrirako Helburuei lotutako gai ezberdinak lantzen, Zuk Zeuk lehiaketak aurreikusten zituen ekintza eta erronken bitartez. Txapelketak propostutako jardueretako batzuk bitxikeriei buruzkoak izan dira, beste batzuk akziora bideratutakoak, eta inspirazioko eta elkartasuneko jarduerak ere izan dituzte. Hain zuzen ere, norgehiagoka horretan lehenengo sailkatu diren 15 taldeak ariko dira biharko lehian. Ospakizunak formatu berritzailea izango du, gazte talde bakoitza bere ikastetxean egongo baita fisikoki, baina beste taldeekin konexioak edota probak egingo dituzte.
Ekimena gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundian egin den prentsa agerraldian. Bertan izan dira Euder Mendoza Gobernantza foru diputatua eta Eukene Gontan Arano Feel My Way Kooperatibako ordezkaria.
Zehaztu dute garapen iraunkorreko gaiak jorratu dituztela, eta horietako lau azpimarratu dituzte. Elkartasunaren garrantzia azaleratu eta haien egunerokotasunean elkartasunez jokatzen jarraitzeko ekintzak landu dituzte, baita Euskal Herriko naturguneek, espezie autoktonoek, biodibertsitateak eta altxor naturalek gizartean duten garrantzia jorratu ere; horietako bakoitzak zein funtzio betetzen dituen aztertu dute. Kontsumo ohituren garrantziaz ohartu dira, baita mugikortasun iraunkorrerantz pausuak emateko garrantziaz ere.
Gazteei ahotsa eman.
Mendozak gogoratu du Nazio Batuek 2015ean onetsi zutela Garapen Jasangarria bultzatzeko 2030 Agenda, eta hori “aukera ona” dela adierazi du: “Ziurgabetasunez betetako garaiak bizi ditugu, era guztietako krisiak bizitzen ari garelako. Honen aurrean, Garapen Jasangarrirako Helburuek aurrerabide bat eskaintzen digute, etorkizuna eraikitzeko bide egoki bat”.
Testuinguru horretan, adierazi du “ezinbestekoak” direla gazte eta nerabeen ahotsak. “Mota honetako egitasmoak belaunaldi berriekin partekatzeak berebiziko garrantzia du”, gaineratu du Gipuzkoako foru diputatuak, eta azpimarratu du eurek direla etorkizuna, baita gaurko erronka eta arazoie irtenbide emateko orduan ere.
Gontanek aldaketa garai hauek “nahasketa sasoiak” izateaz gain, “aukera berriak” irekitzen diren uneak ere badirela dio: “Lehiaketaren helburua, gazteei, gure inguruan gertatzen ari denaz ohartaraztea izan da, eta ikuspegi kritikoa garatzea, egoera eta erronka hauetan guztietan uste baino garrantzia handiagoa izan dezaketela jabetzeko”. Gehitu du gazteei ahotsa eman dietenean “harrituta” geratu direla nerabeek izan duten inplikazio eta elkarrizketarako gogoekin.
Lehiaketak laugarren urte honetan izan duen harreragaz “oso pozik” agertu dira antolatzaileak. Aipatu dute formatuak urtez urte izan duen garapenarekin ere asmatu dutela, izan ere, urtero eman diren gertakarien ondorioz, lau formatu ezberdin izan ditu lehiaketak.