Trenbidearen lana, gogora
Egun trenbidea erabiltzen dutenei erakutsi gura diete lan horiek zein inguruabarretan egin ziren eta nortzuk ibili ziren horiek egiten. Erakusketa apirilaren 3ra arte bisitatu daiteke.
Aurten, Gernikako trenbidea berreraikitzeko eta Sukarrieta eta Bermeo arteko trenbidea luzatzeko lanetan ibili zirenak omendu dituzte; izan ere, Espainiako gerran eta frankismoan esklabo modura erabili zituzten presoek «behartuta» egindako lanak dira. Gaur egun, trenbide horrek eskualdeko biztanleei zerbitzua ematen jarraitzen du.
Behartutako lan horiek egin zituzten presoei eta haien senideei zuzendutako aitormen ekitaldia egin zuten otsailaren amaieran, Bermeon, eta horregaz batera zabaldu zuten antzinako arrantzaleen kofradian ikusgai dagoen argazki erakusketa ere.
Historiako pasarte hori jasota utzi gura izan dute Euskal Herriko Profesionalen eta Ikasleen Kriminologia Elkarteak (APECPV-EHPIKE) eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak. Uste dute “garrantzitsua” dela gaur egun trenbidea erabiltzen duten horiek jakitea trenbidea zein inguruabarretan eraiki zen, eta nortzuk izan ziren hori egin zuten protagonistak. Horregatik jarri dute erakusketa.
Erakusketako paneletako batean agertzen dira, gainera, behartutako lan horiek egiten ibili ziren 80 preso ingururen izen-abizenak. Orain arte, horiek dira identifikatu ahal izan dituztenak, baina lan horietan ibili ziren guztien izen-abizenak biltzeko lanekin jarraituko dute. Ia ez dago preso horiei buruzko informaziorik, udaletxean zegoen dokumentazioa desagertu egin zen udal artxiboko 1937-1962 aldia suntsitu zenean; hau da, Gernikako eta Bermeoko Zigor destakamentuetan zigorra bete zuten presoen zerrenda. Baina denboragaz osatzea espero dute.
Zigorrak murriztu. Erakusketak gogorarazten duenez, 1937tik ia diktadura amaitu arte, milaka preso erabili zituzten herriak, azpiegiturak edo errepideak, urtegiak,… berreraikitzeko. Lan horiek guztiak langile libreek egin izan balituzte, estatu frakistarentzako kostua “ezinezkoa” litzatekeela diote.
Bertan lanean ibili ziren presoen jatorria ere aipatzen dute erakusketan. Espainiako gerraren ondoren, Gernika-Lumo berreraikitzera 200 preso politiko inguru bidali zituztela azaltzen da, gehienak hegoaldekoak. Zigorrak Arintzeko Legeari heldu zioten; lan egindako egun bakoitzeko egun bat murrizten zieten zigorra, eta bi pezetako soldata jasotzen zuten. Soldata hori, baina, gutxitan jasotzen zuten.
08:00etatik 12:00etara eta 14:00etatik 18:00etara lan egiten zuten. Gosea pasatzen zutela gogoan daukate. Buzo urdinak eta uniforme argia soinean eta oinetan egurrezko eslapoiak zeramatzaten, eta segurtasun eta higiene baldintza penagarrietan lan egin zuten.
Zailtasunengatik, istripuak. 1941 eta 1945 bitartean, alde batetik, Gernika-Lumoko herria berreraikitzeko lanak egiten ibili ziren; eta beste alde batetik, gerran suntsitutako tren geltokia berreraiki zuten. Sukarrietatik Mundakara doan trenbide tartea eraikitzen ere hasi ziren. Aipatzen dute, gainera, Sukarrietatik Bermeorainoko trazaduraren zailtasun teknikoengatik, zigortuek hainbat istripu jasan zituztela.
25 hilabeteko lanen ostean, 1955eko abuztuaren 16an inauguratu zen linea, Franco eta haren ministroekin. Hala eta guztiz ere, trenbidea martxan zegoen arren, obra osagarriak egiten jarraitu behar izan zuten gizonek.
Erakusketa bisitatu gura dutenek apirilaren 3ra (domeka) arte daukate aukera: astelehenetan, martitzenetan eta eguaztenetan, 16:00etatik 21:00etara; eguenetan, barikuetan eta zapatu-domeketan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara.