LAB ekintza sozialaren baitan, etxebizitza duinak aldarrikatu dituzte Busturian
Busturian etxebizitzena "problematika zaharra" dela esan dute dinamikagaz bat egin duten herritarrek. Pankartak jarri dituzte gune desberdinetan eta informazio eskuorriak banatu dituzte.

LAB sindikatuak martxan jarri duen tresna da Abiatu, ekintza sozialean aritzeko “indarrak batu eta komunitatea antolatzeko”. Horren baitan, etxebizitza eskubidearen aldeko lanketa egin dute, eta LAB ekintza sozialaren dinamika horregaz bat egin dute Busturiko zenbat bizilagunek, “langile guztiontzat etxebizitza eskuragarriak eta duinak” aldarrikatzeko.
Gogorarazi dutenez, Busturian etxebizitzena “problematika zaharra” da. “Inoiz ailegatzen ez den Eusko Jaurlaritzaren proiektu bat dago, Presapen etxebizitza publikoak egiteko proiektua, alegia”. Eskualde guztian, baina bereziki, Busturian etxebizitzekin dagoen arazoa aipatu dute, alokairuagaz krisialdi “handia” dagoela nabarmenduta. Diotenez, gazteek ez daukate aukerarik herrian alokairu “egokiak” aurkitzeko. Horregatik, LAB sindikatuak abiatu duen dinamika horrekin bat egitea erabaki dute. Hala, pankartak jarri dituzte herriko leku desberdinetan eta, gainera, esku orriak banatu dituzte azalpen guztiekin.
“Udalak ofizialki eskatu dio Eusko Jaurlaritzari esandakoa aztertzeko, eta beti diote aztertzen ari direla. Jaurlaritzak Busturiagaz duen konpromisoa bete behar du. Bitartean, gazteek ez daukate etxebizitza eskubidea bermatuta. Etxebizitza publikoen parke baten beharra dago. Eta Busturiaz ari gara, baina inguruko beste herri batzuetan ere, egoera berdina daukate. Gazteak alde egiten ari dira”, azaldu dute dinamikagaz bat egin duten herritarrek.
LAB sindikatuaren arabera, etxebizitza eskubidea bermatzea, langile jendearen oinarrizko bizi baldintza “duintzeko ezinbestekoa” da, baina gaur egun, etxebizitza eskubidea merkantilizatu, eta espekulaziorako eta aberastasuna metatzeko erabiltzen ari da, “ondorio sozial larriak eraginez”.
Horien ustez, langileen bizitzen prekarizazioa ez da enpleguan ematen ari den fenomeno isolatua; “gure bizitzaren eremu guztietara hedatzen ari den gaitza da”. Horregatik, lantokietan lan baldintzak hobetzeko borrokaz gain, Abiatu ekintza sozialeko komunitatea sortu dute, “langileen bizi baldintza duinen aldeko borroka integrala eraginkorrago egiteko”.