Irati Gondra: "Herritarren proposamenak kontuan hartu ditugu aurrekontuan"
Mundakako Udalak 3.152.113 euroko aurrekontua edukiko du 2022an, iaz baino %4,87 gehiago. EAJren aldeko botoekin onartu dute aurrekontua, EH Bildu eta Mikel Bilbao abstenitu egin dira.
Mundakako alkate Irati Gondraren esanetan, herritarren parte hartzeak “berebiziko garrantzia” eduki du aurtengo aurrekontua egiterakoan. “Abenduaz geroztik, mundakarren proposamenak jaso ditugu. Mundakako lehenengo aurrekontu parte hartzaileak izan dira”. Hala, udalak 3.152.113 euroko aurrekontua onartu du 2022rako, iazkoa baino, %4,87 handiagoa. Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) aldeko botoekin onartu dute aurrekontua; EH Bildu eta Mikel Bilbao zinegotzi ez atxikitua abstenitu egin dira.
Gastu arrunta %7,92 handituko da aurten; “lehentasuna izango da herritarrei emandako zerbitzuak mantentzea eta handitzea”. Alkatearen arabera, udalak, alde batetik, kontuan hartu du Eudelek ezarritako udal langileentzako %2ko soldata igoera eta, gainera, bi peoi kontratatuko dituzte, aldi baterako, “udal langileekin batera garbiketak egiteko”. Era berean, aurten, kaleen izenak dituzten plakak aldatu gura dituzte, eta brigadakoentzako tresnak ere erosiko dituzte.
Udalerri “bizia” gura dute, hortaz, jaietarako eta jarduera ugaritarako diru sailak handitu dituzte, “pandemiaren aurreko zifrak berreskuratuz”. Udalerriko kultura, kirol, hezkuntza eta gizarte elkarteei diru laguntzak ematen ere jarraituko dute.
Udalak tokiko kulturaren eta nortasunaren aldeko apustua ere egingo du. Hala, Lamia eta Atorra Erraldoien erreplika egingo dute gomazko jostailu modura, “geroago merkaturatu asmoz”. Herritarren parte hartzea bultzatzen ere jarraituko dute: “Mugikortasun Plan berri bat eta Mundaka Bizi plana aurrera ateratzeko prozesu parte hartzaile eta berritzaile bat abiaraziko dugu”.
Kontsultategi berria. Inbertsioei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz lankidetzan, Mundakako mediku kontsultategiaren proiektua idazteko diru saila gorde dute, “lanekin lehenbailehen hasi ahal izateko”. Gobernu taldearen beste “apustu nabarmenetako” bat da, alkatearen arabera, Santa Katalina inguruko osasun eta kirol parkea berreskuratzea. Eremu horretan tirolina bat, kalistenia parke bat eta, ziurrenik, txakurrentzako zirkuitu bat jarriko dituzte. Udal kiroldegia birgaitzeko proiektua idaztea ere badute helburu, “teilatua konpontzeko eta irisgarritasuna hobetzeko”. Hauteskunde programan agindutakoa betez, esan duenez, Mundaka eta Bermeo arteko bideko argiztapena hobetzeko lanean jarraituko dute. Gogorarazi duenez, azken hiru esku hartze horiek herritarrek aurrekontu parte hartzaileen bidez egindako eskaerak dira.
Horiez gain, Mundakako Udalak hobekuntza gehiago dauzka aurreikusita. Esaterako, argiztapen sistema barri bat jarriko dute, Goizti Bidetik Ondartza auzoraino. Era berean, Mallona Alkatearen, Txorrokopunta eta Errekako espaloietako jardinerak kenduko dituztela esan du, eta hiriguneko iriste erraztasuna hobetzeko proiektuagaz jarraituko dute. Udalerrian dauden ibilbideak seinaleztatzeko asmoa ere badaukate.
Alkateak gogorarazi du udalak herriko eskolaren beharrak “hauteman eta aztertu” dituela, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailagaz elkarlanean. Modu horretan, lehenengo fase batean, ikastetxearen ezkerraldeko komunak birgaituko dituzte, iriste erraztasuna hobetuz; “eskolako familiek eta irakasleek aspalditik eskatutakoa da”.
Aurrekontu “orekatua” egin dute Gondraren arabera, “herritarren parte hartzean oinarrituta eta udalbatza osatzen duten gainerako alderdi politikoen eskaerak kontuan hartuta”. Dioenez, helburua da mundakarrei herri hobea eskaintzea, “harro egoteko modukoa eta bizitzaz betea”.
“Faltan bota”. Bere zenbait proposamen kontuan hartu dituztelako “pozik” dago Mikel Bilbao zinegotzi ez atxikitua. Hala ere, zenbait gauza faltan botatzen dituela nabarmendu du. Brigadarentzako materiala erosteko diru sail handiagoa, esaterako. “Duela 10 urteko materialagaz dabiltza, eguneratu beharra dago. Gehiago beharko litzateke”. COVID-19a Mundakako Udalarentzat desagertu delako protesta ere egin du. Ingurumenagaz lotutako proposamenak ere aipatu ditu, 1.000 euro gehiago eskatzen zituela aipatuta: “Ez diozue garrantzirik ematen ingurumeneko jarduerei, berdeguneak gutxitzea ere erabaki duzue”.
Herriko kontsumoa bultzatzeko bonuak ere faltan botatzen ditu Bilbaok aurrekontuan; “ni alkate nengoela behin eta berriz errepikatu didazue”.
Bai Bilbaok bai eta EH Bilduk ere uste dute udalak ez duela behar aholkularitza juridikoa; “udalak idazkaria behar du”.
EH Bilduk gaineratu du ez direla euren aurrekontuak, nahiz eta euren proposamen batzuk onartu dituzten; “hala eta guztiz ere, onartu ezin ditugun marra gorri batzuk daude”. Urteak daramatzate aurrekontu parte hartzaileak eskatzen, eta eskertu egin dute horiekin hasi izana. Uste dute, baina, kronograma bat falta dela.
Makilagaz 40 urte baino gehiago daramatzatela gogorarazi zien EH Bilduk EAJkoei: “Ea iparra berreskuratzen dugun eta aurrera egiten guztion herriagaz”.