Uxue Alberdigaz solasaldia, Euskal Herria Museoan
Alberdiren 'Dendaostekoak' eleberriari buruzkoa izango da eguen honetan egingo duten Literatura eta Ondarea saioa. Bertan egoteko aldez aurretik izena eman behar da.
Euskal Herria Museoko Literatura eta Ondarea saioan Uxue Alberdi izango da aste honetako gonbidatua. Haren Dendaostekoak liburuari buruz ariko dira eguenean [martxoak 24], 17:30etik aurrera.
Idazle, bertsolari eta kazetari elgoibartarragaz bere eleberrian jorratutako gaiei buruzko “eztabaida interesgarriak” sortuko dituzte, eta museoaren arduradunek gogoratu dute dinamikak euskarazko irakurzaletasuna sustatzea daukala helburu: “Euskal literatura, izan ere, Euskal Herriko historiarekin, ohiturekin, sinesmenekin, lekuekin eta jendearekin bat doa”.
Saioan egon ahal izateko, aldez aurretik izena eman behar da 94 625 54 51 telefono zenbakira deituta edota euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzita. Parte-hartzaileek materiala bere kabuz lortu beharko dutela jakinarazi dute, eta erreserba egiterako orduan landuko den atala adieraziko diete.