'BostEHun eta zutik!' Gazte Martxaren aurkezpena, Bermeon
Zapatuan [martxoak 26], Kafe Antzokian egingo da aurkezpena, 20:30etan. Ondoren, Nikotina, Addar eta Xsakara taldeen kontzertuak ikusteko aukera egongo da. Kontzertuetarako bi sarreren zozketa egiten ari dira instagramen.
Ernai gazte antolakundeak BostEHun eta zutik! lelopean deitu du aurtengo udaberriko Gazte Martxa, eta Busturialdeko aurkezpena, zapatuan [martxoak 26], Bermeoko Kafe Antzokian egingo dute. Aurkezpenaren ostean, 20:30etan, hiru kontzertu ikusteko aukera egongo da: Nikotina, Addar eta Xsaraka.
Gainera kontzertuetarako bi sarreren zozketa egingo dute sare sozialen bidez, hain zuzen ere, instagramen. Eguenera arte egongo da zabalik eta bariku goizean izendatuko dituzte irabazleak.
Busturialdeko Ernaiko kideen berbetan, aurrera jarraitzeko komunitatean elkartzea ezinbestekoa da, eta horretara ere badator aurtengo gazte martxa: “Egungo testuinguruari erantzun eta gazte olatua sortu beharra dugu, eta horren erakusleiho izango da Baztan. Elkar ezagutu, harremandu, gozatu eta ikasteko espazioa izango dugu. Indarberritzekoa”. Berriro batzeko nahia, gogoa eta beharra dituzte: “Eta horren mesedetan musika, kultura, aisialdi, formakuntza eta aldarrikapen eskaintza zabala egingo dugula, Euskal Gazteria berriz bildu, eta independentziarako borrokan berresteko”.
500 urteren ostean “zutik” daudela aldarrikatuko dute: “Luzea da gure herriaren historia. Ehun bider trabatu gara, beste horrenbestetan erori, baina bostehun aldiz altxa gara”. Azpimarratu dute injustizien aurrean altxatzen den herria dela gure herria: “Erresistentzia, kemena, indarra, borroka, konpromisoa, oroimena, askatasuna… dituen herria. Duela 500 urte eman zen Amaiurko bataila. Konkista eta menperatzeari aurre egiteko ikur izan da urte luzetan zehar, mendeetako erresistentzia eta askatasun grinaren ikur. Duela 500 urte gertatu bazen ere, orainaldian dago emandako batailaren muina. Gaztazka ikusezinago bihurtu dela iruditu ahal bazaigu ere, gatazka hemen dugu: espainair eta frantziar estatuekiko lehian. Herri gisa desagerrarazi nahi izan dute Euskal Herria. Baina traba eta oztopo guztien gainetik, herri bezala burujabe izateko nahiak ekarri gaitu honaino. Erori, altxatu, borrokatu, irabazi”.
Hala, antolakuntza eta auzolana oinarri, eta independentzia, sozialismoa eta feminismoaren aldeko aldarriaren baitan egingo dute ekimena, beste behin.
Apirilaren 14tik 17ra. Gazte Martxarako egitarau oparoa osatu du gazte independentisten taldeak. 25 tailer, hitzaldi eta ikuskizun eta 31 musika taldek joko baitute bertan: Streetwise, Nikotina, McOnak, Perlata, Willis Drummond, Crim, Tremenda Jauria, Skakeitan, Xiberoots, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Yare Collective, Aiaraldeko Sound System, Ibil Bedi, Sua, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass, Romea, Silitia, Dupla, DJ Reimy, XSakara, Skabidean, Erroka, Madame Birrots eta Iheskide.
Apirilaren 14an Zugarramurditik abiatuko da Gazte Martxa eta Erratzun egingo dute geldialdia. Hurrengo egunean Erratzutik Elizondora iritsiko dira eta bertan ekingo diote egitarau politiko eta musikalari. Apirilaren 17an, Aberri Egunean, amaituko da egitasmoa. Aurkezpenak egingo dituzte asteburuan eskualdeko hainbat herritan.