Bermeoko Guzan taldekoek hogei gereziondo landatu dituzte
Guzan Bermeoko Herri Plataforma Independienteak Zuhaitz Eguna ospatu du asteburuan. 2022 urteko udaberriari bidea egiteko hogei gereziondo landatu ditu Bermeon dagoen asfaltozko aparkamendurik handienean, gaur egun Itsasoan Galdutakoen Parkea izena duen eremuan. Pergola deitzen diote bermeotarrek, eta plataformako kideek gogoratu dute Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, 2018an gune berdea kendu eta 40 urterik gorako 32 zuhaitz moztu eta asfaltozko aparkamentua egin zutela, “Gaztelugatxeko turisten kotxeei mesede egiteko”.
Auzolanean egin dute landaketa: “Auzolanean egindako jarduera honekin gure bizitzan zuhaitzek duten garrantzia azpimarratu nahi dugu, batez ere aldaketa klimatikoari aurre egiteko”.