Tren langileen deshobiratzeei buruzko azalpenak eman ditu Pako Etxebarriak Foruan
Udaletxeko areto bete batean eman zituen azalpenak; Foruko alkatearen esanetan, "ohore bat" izan da Etxebarria herrian izatea.
Gernika-Bermeo trenbidea egiteko lanetan behartuta parte hartu zuten gizonak omentzen ari dira. Ekitaldia egin zuten otsailaren amaieran, erakusketa bat ere ikusgai dago Bermeoko antzinako arrantzaleen kofradian eta hainbat hitzaldi ere antolatu dituzte bertoko herri desberdinetan.
Mundakako eta Gernika-Lumoko hitzaldien ostean, barikuan, Foruan, Pako Etxebarria antropologoak Tren langileen deshobiratzeak eta hobi komunak izeneko hitzaldia eskaini zuen udaletxeko areto bete batean. Foruko alkate Mikel Magunazelaiaren esanetan, “ohore bat” izan da Etxebarria hartu eta bere hitzaldia entzuteko aukera edukitzea.
Hurrengo hitzaldia Bermeon izango da, datorren barikuan (martxoak 25), 19:00etan, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Juanjo Olaizola (Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendari ohia) izango da hizlari Bermeon eta Sukarrieta-Bermeo trenbidearen eraikuntza hitzaldia eskainiko du.
Azken hitzaldia Sukarrietan egingo dute, apirilaren 8an, 19:00etan, Sukarrietako udaletxean. Bertan Edorta Jimenez idazleak Libre izeneko hitzaldia eskainiko du.