Sindikatuek bertan behera utzi dute hezkuntzan martxoaren 25erako deituta zegoen greba
Eusko Legebiltzarrean barikuan [martxoak 18] hitzartu zituzten hezkuntza itunaren gaineko zuzenketak, eta horiek aztertu ostean erabaki dute greba ez egitea.
Sindikatuek bertan behera utzi dute barikuan [martxoak 25] hezkuntzan egin behar zuten greba. Erabakiak lotura zuzena du joan den barikuan [martxoak 18] Eusko Legebiltzarreko EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta EB-IUk hezkuntza itunaren gaineko zuzenketak hitzartu izanagaz; horiek aztertu ostean erabaki dute greba ez egitea.
Martitzenean [martxoak 15] deitu zuten greba ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek, ados ez zeudelako Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu zuten hezkuntza akordio berri baterako oinarrien zirriborroagaz. Baina bariku [martxoak 18] iluntzean talde politikoetako ordezkariek jakinarazi zuten akordioa lortu zutela. Alderdiek ehun zuzenketa baino gehiago aztertu zituzten itunean, baina elkarrizketek fruitua eman zuten azkenean.
2021eko irailean, politika orokorrari buruzko eztabaidan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan zuen legealdi honetan hezkuntza lege berri bat ondu nahi zutela, eta, okerrik ezean, bete egingo du asmoa, eta adostasun zabalagaz onartuko da, gainera. Martxoaren 28an Hezkuntza Batzordean testua bozkatzea da asmoa, eta apirilaren 7an osoko bilkuran behin betiko onespena ematea testuari. Segidan, legea ontzeko prozesua hasiko da.
EH Bilduk aurrez koaliziokideei aurkeztuko die testua, kideek onetsi dezaten. Eragileek esan dute urtea amaitu aurretik legea indarrean nahi dutela. 1993koa da aurreko legea, eta jakin-mina dago ekar ditzakeen aldaketen inguruan. Zehaztu dute, esaterako, eskolaratzea bukatzean ikasle denek euskaran B2 maila izateko planak egin beharko dituztela eskolek. Mailaka joango da eskaria: LH amaitzean, B1 beharko dute.
Lege berrian zehaztuko den hizkuntza ereduaren inguruan izan dituzte desadostasunak alderdiek, eta jakina da akordioan bat egiteko orduan zailtasunak izan direla. Hona hitzartu zuten testuan zer-nola zehaztu duten nolakoa izan behar duen eredu berriak: «Eredu eleaniztuna da, euskara ardatz duena, hizkuntza ofizialen bidez artikulatua, eta gutxienez atzerriko hizkuntza batekin. Irizpide oinarrizko bati jarraituko zaio, gizarte kohesioa eta herritarrek bi hizkuntzetan jarduteko gaitasuna bermatzeko. Horretan ahalegintzea garrantzitsua da, hizkuntzaren eta kulturaren arloan kontzientzia sustatzeko eta gaitasun komunikatiboa era jarraian hobetzeko. Legearen apustua izango da ikasle orok, duen familia jatorriaz harago, ikasketak amaitzean bi hizkuntzen ezagutzan maila bera izatea, eta ezagutzak eskuratzea, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean».