"Pol 22 urte atzerrian egindako gernikar baten kontakizuna da"
‘Uletza Sessions’ EPa grabatu du, Errigoitin. Hannot Mintegiak ekoitzi du albuma, eta hainbat kolaboratzailek parte hartu dute bertan. Lekuek jaialdian aurkeztu berri du.
Hainbat urtez atzerrian bizi ondoren eta toki bakoitzeko musikatik ikasi ostean, Paul Asua Bilbao gernikarra jaioterrira itzuli da, eta kanpoan ikusi eta ikasitako denak bere bakarkako musika egitasmoan islatu ditu: Pol. Familiaren baserrian, Errigoitin, bere lehen albuma grabatu du: Uletza Sessions.
Nor da Pol, eta nolatan jaio da egitasmo musikal hori? 22 urte atzerrian egindako gernikar baten kontakizuna da; sorterrira itzultzean, betiko lagunekin atzera elkartu, eta egitasmo bat sortzea erabaki zuen pertsona hark. Abestiak, hain zuzen, kanpoan bizita sortutakoak dira.
Betidanik gura izan duzu musika proiektu propioa sortzea? Musika betidanik egon da oso presente nire bizitzan. Gernikako Segundo Olaeta Musika Eskolan hasi nintzen ikasten: gitarra klasikoa eta elektrikoa. Ostean, jende askogaz jo izan dut: Fosa Comun taldeko lagunekin ibilitakoa naiz; Ubelune taldearen sorreran egon nintzen. Atzerrian, Espainian zehar biran ibili nintzen Los Flematicosegaz, eta Norma Willow abeslariagaz disko bi grabatu nituen.
Musika, gainera, familiatik jasotako oinordetza ere bada. Bai. Nire anaia baxu-jotzaile fina da, eta etxean musika beti oso presente izan dugun kontua da.
Zein esanahi dauka zuretzat Uletzak? Nire aterpea da; toki maite eta berezi bat. Gure familiako baserria da, Errigoitin kokatua. Egia esan, umetako lehendabiziko oroitzapenak bertakoak ditut, eta, nire bizitzan aldaketaren bat egon denean, beti bertatik abiatu da. Atzerrian bizi nintzenean ere, Uletza zen hona bueltatu eta lehenengo bisitatzen nuen tokia.
Zelan definituko zenuke Uletza Sessions? Baserriko ganbaran estudio txiki bat prestatu genuen, eta bertan eman genuen pandemia osteko denbora gehiena. Bazkariak eta solasaldiak antolatu nituen lagunekin, eta, ondoren, musika sortzeko aprobetxatzen genuen, jam session baten tankeran.
Abestietarako erabili dituzun ideiak urteen zakuan pilatzen joan zara ala diskorako planteatu dituzu? Azken urteetan sortutako abestiak, 30 inguru, nire lagun min Hannot Mintegiari erakutsi nizkion; hark bahetze lan bat egin zuen, eta disko bat grabatzeko egokienak zirenak aukeratu zituen. Aukeraketa horrez gain, interludio edo pasarte berezi batzuk ditu lanak: intro eta rapsoda poetiko bat.
Argi zeneukan hasieratik EP tamainuko albuma izango zela? Lan laburra denez, hasieratik amaierara entzuteko asmoz diseinatu genuen. Bai Hannotek, bai nik ondo genekien musikaren industria, egun, bestelako noranzkoan doala: abestiak modu independentean kontsumitzen dira, ez zaie, beharbada, eskatzen duten besteko arretarik eskaintzen, den-dena klik bategaz eskuragarri dagoelako.
Interludio edo pasarte berezi batzuk ditu lanak: intro eta rapsoda poetiko bat
Zein da zure sormen prozesua? Nondik hasten zara sortzen? Berez, ez dut bide zurrunik jarraitzen. Iturriak eurak ere denetarikoak baliatzen ditut: liburuak, albisteak, artikuluak, menditik paseatzen noala otutzen zaizkidan burutapenak, beste abesti batzuk eta abar luze bat. Sortzean ere gauza bera: nota segida batetik zein melodia batetik abiatu dezaket prozesua. Dena dela, esango nuke sormena gertatuarazi egin behar den zerbait dela: musika-tresna eskura eduki behar duzu, sortzen hasteko espazio egokiak hurbil izan behar dituzu, eta, oro har, sormen prozesua hasteko ahalik eta erraztasun gehien bilatu behar dituzu.
Zeintzuk dira Uletza Sessions-en erreferente musikalak? Azken hamar urteotan, emakume abeslarien ahotsek erakartzen naute gehien. Hain zuzen ere, Hannoti egile zerrenda bat pasatu nion, sortu gura nuenaren ereduak izan zitzan. Bertan, besteak beste, Carole King, Joni Mitchell nahiz Billie Holiday moduko ahots klasikoak ageri ziren, baina, horiekin batera, baita musikari garaikideagoak ere: Courtney Barnett, Björk, Sharon van Etten, Gillian Welch edo Margo Cilker.
Ahotsaren adierazkortasuna, estiloen gainetik, beraz? Hori da. Nik ez dut inongo bereizketa estilistikorik egiten; hain zuzen ere, denetariko musika entzutea gustatzen zait. Hori bai, ez naute hainbeste erakartzen gizon ahotsek. Esate baterako, sarritan esan izan didate nire erregistroak baduela, zelan edo halan, Bruce Springsteenen kutsua, baina niri ez zaizkit batere gustatzen horrelako ereduak.
Albumean kolaborazioak ere izan dituzu, ezta? Bai. Hainbat lagunek parte hartu dute, eta asko pozten nau horrek. Nire bakarkako proiektua izan arren, benetan pozgarria da taldean sortzea eta interpretatzea. Ainhoa Iturriarte eta Iban Fernandezek parte hartu dute; Jaione Ortiz de Zaratek saxofoia jo du; Ander Cisneros perkusioaz arduratu da, nire anaia Danik baxua grabatu du; Hannot Mintegiak, esan bezala, ekoizpenean esku hartu du, ahotsak sartzeaz gain; eta Alexek rapsodarako testua sortu eta grabatu du. Horiez guztiez gain, Jose Lastra eta Txufo Wilson ere aipatu gura nituzke: Mala Estudioan masterizazioa egin zuten.
Album hau gerora etorriko den bigarren baten lehen harria izatea nahiko nuke
Lekuek jaialdian aurkeztu zenuen albuma. Nolako bizipena izan zen hura? Emozioen zurrunbiloa izan zen: batetik, lehen aldia izan zen nire proiektu pertsonala aurkezten nuena; bestetik, Kult Parnasoa areto berrian estreinatu nuen. Ikusleak pozik atera ziren kontzertutik, eta gu are gehiago.
Uletza Sessions-ek zein bide egitea gustatuko litzaizuke? Gerora etorriko den bigarren lan baten lehen harria izatea nahiko nuke. Lagunekin elkartzen eta musika sortzen jarraitu gura dut. Seguru asko, hurrengo pausoa beste album bat sortzea izango da; beharbada, are luzeagoa eta are landuagoa.