Hezkuntza publikoaren aldeko elkarretaratzea egingo dute Bermeon
Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxeko Gurasoen Elkarteak deituta, bihar, 16:35ean egingo dute elkarretaratzea, eskola aurrean.
Euskal eskola publikoaz “harro” daudela diote, eta horregatik “kezkatuta” daude azken egunetan prestatzen ari diren hezkuntza itunarekin; “eskola publikoa erabat baztertzen da, ez du sare publikoa lehentasunezkotzat jotzen”. Hori dela eta, Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxeko Gurasoen Elkarteak elkarretaratzea deitu du biharko [martxoak 18]; 16:35ean jarri dute hitzordua eskola aurrean.
Etorkizuneko lege horren bidez, euskal sare publikoa “pribatuarentzat subsidiarioa den posizio batera baztertu” gura dela diote: “Bi sareak, publikoa eta pribatua, edo, bestela esanda, hezkuntza publikoko sarea eta pribatuaren negozioa, parekatuko ditu, berez desberdina dena berdin tratatuz”.
Azaldu dutenez, klase desberdintasunak geldiarazi beharrean, “betikotu” egingo ditu, “sare publikotik funtsezko baliabideak kentzen dituelako, sare pribatuko patronalen finantzaketa izugarri handitzeko”. Hizkuntzagatik ere ardura agertu dute: “Ez dirudi gure hizkuntza, euskara, defendatzeko aurrerapausoa denik”.
Gizarte kohesioa, aukera berdintasuna eta euskararen garapena bermatuko dituen eskola batean sinesten dute, eta nabarmendu dute, hori eskola publikoa baino ezin dela izan. Horregatik, eskola komunitate osoa deitzen dute biharko elkarretaratzean parte hartzera; “elkartu gaitezen, talde politiko ezberdinek onartu nahi duten hezkuntza itunaren aurrean protesta bakezalea egiteko”. Euren seme-alaben etorkizuna eta datozen belaunaldiena “arrisku larrian” dagoela-eta, inplikazioa eskatu dute.