Gernikako udal langileek erakutsitako ardura txalotu dute ELA eta LAB sindikatuek
Gernika-Lumoko udal langileen greba egin zuten atzo [martxoak 16], eta udalean ordezkaritza daukaten LAB eta ELA sindikatuen ordezkariek langileek erakutsitako ardura zoriontzekoa dela adierazi dute: “Hamarkadak dira Gernikako Udalean greba propio bat deitzen ez zela, eta benetan zoriontzekoa da langileok erakutsitako ardura. Benetan harro gaude; talde baten parte sentitu gara, lankideak garela eta elkarrekiko elkartasuna erakusteko momentuan hor egon garela”.
Diotenez, saiatu dira dauzkaten bideetatik kezka adierazten, proposamenak lantzen, eskaerak erregistratzen, mobilizazioetan aldarrikatzen, judizialki ere bidea jorratzen… Eta azkenean, euren esku daukaten “tresnarik eraginkorrena erabiltzera behartuak sentitu” direla zehaztu dute, hau da, greba egitera: “Urteak dira udaletxeko langileria arloko kudeaketa negargarria dela, pandemia garaitik hona ia desagertzeraino, eta langileok gainezka egin dugu”. Langile publiko diren heinean, “arduraz jokatzea berezkoa” dutenez, kalitatezko zerbitzu publikoen alde lanean jarraituko dutela azpimarratu dute: “Langile denei animoak bidali nahi dizkiegu, eta zoriondu egin nahi ditugu. Bidean pausu handi bat eman dugu, jarrai dezagun lanean!”