Gernika-Lumoko Udal langileen %86k bat egin du greba deialdiagaz
75 pertsonak babestu dute, Foru Plazan, ELA eta LAB sindikatuek deitutako elkarretaratzea. Barikuan, udalaren negoziazio mahaira sartuko dira, udal beharginen eskakizunak plazaratzeko eta konponbideak bilatzeko.
ELA eta LAB sindikatuek deituta, Gernika-Lumoko udal langileak greban daude gaur [martxoak 16], eta langileen ordezkariek jakinarazi dutenez, udal langileen %86k bat egin du greba deialdiagaz. Zehaztu dute udaltzaingoa ez dagoela kontaketa horretan zenbatuta, “ezin dutelako grebarik egin”.
Gaurko greba tarteko, Lanbide Ekimenak (%68ko greba jarraipena), udaletxea (%68koa), Oinarrizko Lanbide Heziketa, Santanape Kiroldegia (%91koa), Kultur Etxea (%87koa), Aita Luis Villasante Udal Euskaltegia (%100ekoa) eta Segundo Olaeta Musika Eskola itxita daude.
ELA eta LAB sindikatuen nahiz udal beharginen ordezkariek elkarretaratzea egin dute, gaur, Foru Plazan; 75 langile izan dira bertan. Ordezkaritza horrek adierazitakoaren arabera, “azkenaldi luzean maldan behera doa Gernika-Lumoko pertsonalaren arloa”. “Hainbat eta hainbat” dira grebara bultzatu dituzten arrazoiak, besteak beste, 2022an zehar udalagaz bilera bakar bat ere egin ez izana; landu beharreko gauza ugari guztiz geratuta egotea; beharginen mezu nahiz aldarrikapenei inongo erantzunik ez ematea; negoziazio faseetatik pasatu gabeko inposizioak ezartzea; egonkortze legeak zehazten dituen epemugak gainean direla, neurririk ez hartzea; eta udaleko 63 bitarteko langileren lan egoera, egun, kolokan egotea. Horren aurrean, neurri bana eskatzen diote Gernika-Lumoko Udalari: batetik, sindikatuen nahiz langileen ordezkaritzagaz elkarlana sustatzea, lanerako egutegi zehatz bategaz; bestetik, aldiz, OPErako proposamen zirriborro bat egitea.
Langileak, saminduta. Gernika-Lumoko Udalaren jarreragaz “haserre eta saminduta” agertu dira udal langileak eta sindikatuak. “2022an, oraindik, ez dugu udalagaz bilera bakar bat ere egin; hain zuzen ere, greba deialdi bat egin behar izan genuen, gure mezu elektronikoei erantzuteko bakarrik”. Eskaera horien aurrean, udalak zazpi puntu barnebiltzen dituen negoziazio mahai batera deitu ditu sindikatuetako ordezkariak barikurako. Dena dela, adierazi dutenez, beharginek eskatutako puntu esanguratsuenak “lanketa barik” joango dira negoziaketa fase horretara; hori dela eta, gaurko greba eguna “mantentzea” erabaki dute.
Udalak eta sindikatuek bat egiten dute kontu bakar batean: Langileria Sailak ez du baliabide nahikorik udal langileen arazoa bere kabuz konpontzeko. Horren aurrean, Gernika-Lumoko Udalak kanpoko enpresa bat kontratatu zuen, eta langileen ordezkariak, ostera, ez datoz bat neurri horregaz: “Hemengo lan karga aurrera ateratzeko langile nahikorik ez baldin badago, uste dugu zuzeneko kontratazioetara jotzea egokiagoa dela, kanpoko enpresa batengana jotzea baino”. Halaber, azaldu dute kontratazio hori oraindik ez dagoela eginda, eta epemugak “ate joka” daudela.
Barikurako negoziazio mahairako deialdiaren aurreikuspenaz itaunduta, “mahaian ea zer gertatu” zain daude: “Negoziaketan zer gertatu itxarongo dugu, udalaren jarrera ikusi gura dugu eta”. Prebentzio batzordeen ausentziaz ere mintzo dira sindikatuetako ordezkariak, “udalaren kudeaketaren isla garbia baitira”: “Legez, urtean hiru prebentzio batzorde egin behar dira, eta azken hiru urteotan ez da bakar bat ere egin, mundu mailako pandemia baten erdian, gainera”. Horren guztiaren aurrean, argitu dute kudeaketa falta horren aurrean “galtzaile” aterako diren profilak langileak eta herritarrak direla: “Batetik, langileek lehen pertsonan igartzen dituzte kudeaketa desegonkor eta arduragabe horren ondorioak; bestetik, herritarrek eurek ere ez dituzte jasotzen merezi dituzten kalitatezko zerbitzu publikoak”.