Euskararen erabilera jaitsi da euskaldunak %80a baino gehiago diren herrietan
UEMAk euskararen erabileraren 2021ko txostena argitaratu du. Busturialdean joerak mantentzen dira, bostetik hiruk euskaraz hitz egiten dute.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) euskararen erabileraren inguruko txostena argitaratu du. Kaleko erabilera aztertzen den bigarren aldi da, lehendabizikoa 2017an egin zen, beraz, bilakaera ikusteko lehen erreferentzia izan da. Guztira 93 udalerritako datuak hartu dira kontuan, 71.000 solasaldi eta 227.000 solaskide behatu dituzte. Gaur egun, Busturialdean guztira lau herrik parte hartzen dute: Ajangiz, Bermeo, Ea eta Muxika.
Nahiz eta COVID-19aren eragina nabaritu, elkarrizketa kopuru handiagoa jaso da 2021ean, 2017an baino. UEMAk errefortzuak jarri ditu, neurtzaile gehiago aritu dira lanean, eta ordu gehiagotan. Horrela, kalean jende gutxiago ibili izana, eta musukoaren eraginez solasaldiek behera egitea berdindu da.
Bostetik hiruk euskaraz hitz egiten dute kalean. 2017 eta 2021eko datuak kontuan hartuta argazki orokorra ez da ia aldatu. Jakinarazi dutenez, “datua bera izatea oinarri sendoa ematen dio ikerketaren fidagarritasunari”. Erabilera, orokorrean, aldatu ez den arren, azpiko mugimenduak antzeman dituzte.
Udalerriaren tipologiaren arabera, esate baterako, datuek argi utzi dute eremu soziolinguistikoak zenbateko garrantzia duen euskararen erabileran: Zenbat eta euskaldun gehiago, erabiltzeko aukera gehiago eta erabiltzeko joera handiagoa dago. Euskaldunen portzentaia %80 baino gutxiagokoa denean erabilera igo da, eta langa horretatik gorakoetan gutxi bada ere, hiru puntu, jaitsi egin da. Hau da, orain arte euskararen arnasguneak izan diren tokietan erabilera jaitsi da. Ondorioz, udalerririk euskaldunenetan joera negatiboa dago adierazle linguistikoen arabera.
Adinari dagokionez, joera nagusia argia da: Zenbat eta helduago, euskararen erabilera txikiagoa. Txostenaren arabera, nahiz eta azkenaldian eztabaidagai nagusietako batean bilakatu, haurrek erabiltzen dute euskara gehien, lau umetatik hiruk dihardute kalean. 2021eko neurketan helduak bi multzotan banatu dituzte eta emaitzak “argigarriak” izan dira. 25 eta 39 urte bitartean erabilera %62,9koa da, baina 40tik 64ko tartean 13 puntuko aldea dago, %50,1era jaisten da. 2017ko datuekin alderatuta, gazteen artean jaitsi da gehien, ia bi puntu, adinekoekin batera, eta umeetan eta helduetan igo. Hala ere, gainerako adin taldeek eragin handia dute gazteen jardunean, gazteak haien artean daudenean, adibidez, erabilera handiagoa da helduekin daudenekin baino.
Era berean umeen presentziak asko eragiten du gainontzeko multzoen erabileran. Umeek erabiltzen dute euskara gehien, eta umeak ez direnek gehiago erabiltzen dute euskara umeekin daudenean. Gainontzeko adin taldeen erabilera %57koa zen, baina umeekin elkartzen direnean %73 igotzen da. Ondorioa argia da, haurren presentziak nabarmen areagotzen du euskararen erabilera, bestela erderaz jarduten den euskaldun multzo batek euskara erabiltzen duelako umeekin. Umeak euskararen sustapenerako “indargarriak” dira, helduen artean batez ere. Beste alde batetik, beste irakurketa bat luzatzen du txostenak, helduen erabilera bestelakoa dela ikusten dute haurrek kalean.
Emakumeen eta gizonen artean aldea oso txikia da, puntu eta erdikoa besterik ez emakumeen alde. Adin talde guztietan agertzen da joera hori, adinekoen multzoan izan ezik. Alderik handiena gazteetan eta umeetan dago, betiere emakumeen alde: 6,6 puntukoa eta 4,1 puntukoa, hurrenez hurren. Aurreko txostenean ez bezala, genero ikuspegia kontuan hartzen hasteko aldagaia izan daiteke, soziolinguistika esparruaz gain.
Eskualdeka. Busturialdean UEMAko gainontzeko herrietako joerak mantentzen eta igotzen dira. Hala ere, badira tokian-tokiko aldaketak. Kaleko euskararen erabileraren inguruan, udalerri gehienek %80tik gorako erabilera dute, Ajangiz (%89,3) nabarmenduz. Bestetik, beste herri batzuetan UEMAko datu orokorretara gehiago hurbiltzen dira, Muxika (%60,6) eta behetik Busturia (%51,8). Sexuari dagokionez ere txosten orokorreko zantzuak erakusten dituzte eskualdeko datuek. Gorabeherak badaude ere, emakumeen aldeko joera argia dago. Muxikan 13,6 puntuko aldea dago eta Ajangizen 12koa.
Kezkatuta. Behin datuk bilduta eta aztertuta, Aritz Abaroa UEMAko jarduneko lehendakariak eta Bermeoko alkateak txostenaren inguruko iritzia kaleratu du. Hasteko, zuzendariak kaleko euskararen erabileraren inguruko fidagarritasuna nabarmendu nahi izan du: “Lau urteren ostean gisa bereko datuak jasotzeak erakusten du kaleko argazki egokia ematen ari garela. Horregatik txalotu egin nahi dugu ehunka boluntariok herriz herri egin duten lana, ezinbestekoa izan da. Datu orokorrez bilduta, orain tokian-tokiko, eskualdetako eta herrietako, egoera aztertuko dugu. Bide horretatik aurki izango dugu analisi xeheago bat egiteko aukera 2021eko beste azterketa batzuekin”.
Arnasguneekiko “kezkatuta” ageri da Abaroa. “Euskaldunak %80tik gora diren herrietan behera egin du erabilerak, bilakaera negatiboa da. Era berean, gure herrietan bada kezka belaunaldi berrien erabilerarekin lotuta, aldaketa handiak izan dira denbora gutxian”. Jakinarazi dutenez, eskola giroko eta ikus-entzunezkoen kontsumoari buruko azterketak lantzen ari dira.