Elkar+ekin Dantzan erronkagaz bat egingo dute eskualdeko dantzariek
Euskal Herriko milaka pertsona dantzan jarriko dira. Domekan ekimenean parte hartu ezin duten elkarteek aukera edukiko dute aurretiaz dantza egin eta grabatzeko.
Euskal Herria dantzan jartzeko erronka ezarri du domekarako EIBEk (Elkarteen Ikerketa eta Berrikuntzarako Ekosistema), Elkartegintza sustatzeko eta Elkar+ekin Gara proiektua ezagutarazteko.
Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abestiaren erritmoan dantzatuko dira, Euskal Herriko 50-70 herri eta eskualdetan. Barikuan aurkeztu zuen EIBE elkarteak abestiaren bideoklipa, Korrika eta AEKgaz batera. Ekimenaren helburu nagusia da elkarteen eta boluntarioen lana balioan jartzea eta aldarrikatzea da, dantza taldeetako, elkarteetako zein norbanako 10.000 lagun dantzan jarrita.
Ekimena aurrera eramateko dantza taldeetara gonbidapena luzatu dute, eta eskualdeko talde batzuek ere onartu dute erronka, horien artean; Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak eta Gernika-Lumoko Elai Alai Dantzari Taldeak.
Talde horietako batzuk domekan kalera aterako dira dantza egitera. Beste batzuek, ostera, hitzordua egunez aldatu dute, baina, hala ere, erronkari helduko diote. Elkartetik koreografia erakusteko tutorial batzuk zabaldu dituzte, eta martxoaren 20an dantzatzeko hiru dantza mota prestatu: Euskal Dantza urratsekin, Mutxiko erara dantzatua eta Dantza Garaikidea. Hala ere, aipatu dutenez, koreografiei ez zaie zehatz-mehatz jarraitu behar; bakoitzak dantza “nahi adina” eraldatu dezake.
Hitzorduak. Gernika-Lumoko Elai Alai Dantzari Taldeak hitzordua aurreratu du barikura, eta 20:00etan bilduko dira taldearen lokalean. Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldea, berriz, zapatuan 10:00etan batuko da, Talan.