Autobusa heldu da Varsoviara, eta deskargatu du laguntza
Bermeotik Varsoviara arteko bidea egin du autobusak, eta Warsaw Expo eremuan deskargatu du materiala.
Ukrainarrei laguntzeko materiala ailegatu da Varsoviara. Izaro Sub elkartekoen bultzadaz Bermeon betetako autobusa astelehenean abiatu zen kostako herritik, eta gaur goizaldean heldu da Varsoviara. Han deskargatu dute autobuseko material guztia, eta bideari ekin diote berriz, atsedenik barik, iheslarien bila. 20 ukrainar inguru igo dituzte autobusera Varsovian, baina gehiago batuko dituzte oraindik ere. Krakovia da hurrengo geltokia. Han errefuxiatu gehiago igoko dituzte ibilgailura, Euskal Herrirantz joateko helburuz.
Lehenengo geltokia Varsovia izatea erabaki zuten atzo, eta bigarrena, berriz, Krakovia. Lehenengo geldialdia, baina, ez da atzo arratsaldean esperotakoa izan. Arena zentroan deskargatzea aurreikusten zuten, Matia Fundazioko kideekin, baina azken orduan aurreikuspenak aldatu behar izan zituzten, eta ez dute horrela egin. Azkenean, Varsoviako Warsaw Expo eremuan deskargatu dute maletategietan bilduta zuten guztia; inguru hori egokitu dute errefuxiatuak jasotzeko eta horientzako materiala biltzeko. Izan ere, Arena zentroan ezin da materiala utzi.
Warsaw Expon ez dute biltegi erraldoirik, baina jaso dute gorde zezaketen guztia. Biltegian zegoen hiru gizonen laguntzagaz kaxa guztiak jaitsi dituzte autobusetik, eta horiek gorde behar ziren tokian utzi dituzte.
Goizaldeko 04:00etan ailegatu dira, eta 06:30era itxaron behar izan dute autobusa husteko. Izan ere, ehunka eta ehunka errefuxiatu ukrainar lotan zeuden, eurentzako jarri dituzten hamaketan. Ehunka dira eremu honetan gaua igaro behar izan duten iheslariak. Bertan 21 pertsona batu dituzte, eta Arena zentrora joango dira orain, han beste zenbait errefuxiatu batzeko hitzordua dutelako.
Gero, Krakoviatik gertu dagoen Katowicera joan dira. Han dago Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea. 10 urte daramatzate errefuxiatuekin lanean, eta hartu-emana dute Krakovian bizi diren monjeen komentu batekin. Galdakoztarrak Ukrainatik ihesean ari diren errefuxiatuei laguntzen eta iristen den materiala biltzen eta sailkatzen ari dira bertan. Komentura joatearen idea ere azken orduetan erabaki dute, han iheslariak batzeko aukera eskaini dietelako. Hain zuzen ere, Poloniarako bidean bertara zihoazen beste kamioi batekin ere topo egin zuten Izaro Subekoek, eta eurekaz harremanetan jarri ostean, bertara joatea erabaki dute.