62 iheslari Bermeorantz
Gaur goizaldean Varsoviala heldu, eta Warsaw Expo eremuan deskargatu dute bermeotarrek 12,5 tonako materiala. Ondoren, Polonian zeuden ukrainar iheslariak leku desberdinetan batu dituzte. Gauerdian Euskal Herrirako buelta hartuko dute; barikuan edo zapatu goizaldean Bermeora heltzea aurreikusita daukate. Autobusa betetzea zen helburua eta lortu dutelako «oso pozik» daude.
Bidearen joaneko punturik urrutienera ailegatu dira Izaro Subekoak. Ukrainarrei laguntzeko materiala ailegatu da Varsoviara. Izaro Sub elkartekoen bultzadaz Bermeon betetako autobusa astelehenean abiatu zen kostaldeko herritik, eta gaur goizaldean heldu da Poloniako hiriburura. Han deskargatu dute autobuseko materiala, guztia, eta bideari ekin diote berriro, atsedenik barik, iheslarien bila. 42 ukrainar inguru igo dituzte lehenengo Varsovian, eta beste 19 gehitu zaizkie gero, Krakovian; txakur bat ere Euskal Herrirako bidea egiten ari da.
Lehenengo geldialdia, baina, ez da izan martitzen arratsaldean esperotakoa. Autobusa arena zentroan deskargatzea aurreikusten zuten, Matia Fundazioko kideen laguntzarekin, baina azken orduan aurreikuspenak aldatu behar izan dituzte eta ez dute horrela egin. Azkenean, Varsoviako Warsaw Expo eremuan deskargatu dute autobusaren maletategietan bilduta eduki dutena; poloniarrek arropa eta materiala jasotzeko inguru hori daukate egokituta hiriburuan. Izan ere, hasieran aurreikusita zuten Arena zentroa itxi behar izan dute, eta ez dute materiala han uztea ahalbidetzen.
04:00etan iritsi dira Warsaw Expora, baina eremua itxita aurkitu dute urpekaritza taldeko kideek. Izan ere, ehunka ziren hamaketan lo zeuden ukrainarrak. Lerroka egon dira, hamaka batzuetan batzuk, eta lurrean beste batzuk, ahal zuten moduan deskantsatzen. Eurak ez izartzeko, 06:30ean hasi dira autobusean zeukatena deskargatzen. Bertan dauden boluntarioek Izaro Subeko kideei lagundu diete kaxak jaisten, baita autobusera geroago igo diren bi ukrainarrek ere. Denen laguntzagaz ordubetean eginda zeukaten lana.
Garrantzitsua zen Bermeon bildutakoa Varsoviara ailegatzea, baina are garrantzitsuagoa han dauden iheslariei handik ateratzeko aukera bat eskaintzea. Hori dela eta, behin materiala deskargatuta, ukrainar errefuxiatuak aurkitu behar izan dituzte Izaro Subekoek. Batzuekin Varsoviako puntu desberdinetan zeuzkaten hitzorduak zehaztuta, baina horiekin bakarrik ez zuten autobusa batetzen, eta jende gehiagori lagundu gura zieten. Horrela egin dute.
“Garrantzitsuena egin dugu, han geratu behar direnentzako elikagaiak eraman ditugu, eta ihes egin gura dutenei hori egiteko aukera eskaini diegu. Batzuk Euskal Herrian geratuko dira, eta beste batzuek bidean aurrera jarraituko dute”
Nahasmendua nagusi zen Warsaw Expo eremura joan dira horretarako. Jendez gainezka egon da tokia. Ukrainarrek handik atera gura zuten, ahalik eta arinen, eta horretarako autobusak aurkitzen ari ziren, gelditu barik, heltzen zirenei jarraian begiratzen; gehienak Alemaniara joan gura dute, edo Ukrainatik gertu dagoen beste herrialderen batera, eurenera ahalik eta arinen bueltatzeko asmoz. “Batzuk beldurra dute, eta ahalik eta arinen Ukrainara bueltatzea espero dute”, adierazi du boluntario batek baino gehiagok.
Varsoviako Warsaw Expo eremuan deskargatu dute Bermeotik eroandako materiala
Poloniako boluntarioak ahalegintzen dira dena antolatzen, baita gobernuz kanpoko zenbait erakunde ere, baina ez da erraza egoera kudeatzea. Zaila da jendez gainezka dagoen eremu bat kudeatzea, eta zaila izan da baita Euskal Herrira joan gura duten errefuxiatuak aurkitzea ere. Baina egin liteke, eta horren adierazgarri da Bermeora bueltatuko den autobus betea.
Izan ere, Warsaw Expo eremuan iheslari batzuk aurkitu dituzte Izaro Subekoek, eta Arena kirol zentroaren ingurura joan dira gero. Zazpi ukrainarrekin egon dira han geratuta, baina beste hamabi leku geratzen zirela ohartuta, Varsoviako autobus geltokira joatea erabaki dute.
Nahasmena are handiagoa izan da han, eta autobusean zeuden hainbat ukrainarrek iheslariak bilatzen lagundu diete Izaro Subekoei. Bozgorailuak eskuetan hartu eta herritarrei informatzen hasi dira, baita gune desberdinetan kokatzen edota galdetzen ere. Kartelak egin dituzte, eta hainbat hurbildu zaizkie informazio eske. Hala ere, ez dute Euskal Herrirantz joateko inor aurkitu, eta hori ikusita, Expo ingurura bueltatzea erabaki dute arduradunek. Han zeuden esperoan, beste hamabi ukrainar.
Denak ala denak autobusean hartzeagaz “poztu” dira. Lasaitasuna hartu dute, apur bat bada ere. Hunkitu egin dira batzuk, eta esker onak eman dizkiete beste batzuk Iñigo Lopez Izaro Subeko antolatzaileari eta Beñat Tuñez eta Javier Jimenez gidariei. Eurek ere hunkitu egin dira iheslarietako askoren bizipenak entzuterakoan. Askok astebete daramate etxetik kanpo, Varsoviara heltzeko bidean. Bazuk gaur iritsi dira Varsoviara, eta beste batzuk bi egun baino gehiago egon dira Polonian, zer egin erabaki bitartean.
“Katowice leku estrategikoa da. Izan ere, Ukrainatik ihesean Europa mendebaldera joan gura duten guztiek bertatik pasatu behar dute, eta jende askok behar du laguntza”
Azken hemeretzi bidaiariak Krakoviatik gertu dagoen Katowicen jaso dituzte. Hiru orduko bidaia egin dute Varsoviatik hara. Han dago boluntario lanetan Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea. 10 urte daramatzate errefuxiatuekin lanean, eta hartu-emana dute Krakovian bizi diren monjeen komentu batekin. Galdakoztarrak Ukrainatik ihesean ari diren errefuxiatuei laguntzen eta iristen den materiala biltzen eta sailkatzen ari dira bertan.
Komentura joatearen idea ere azken momentuan erabaki dute Izaro Subekoek, eta, esan bezala, han batu dituzte azken bidaiariak. Kasualitateak kasualitate, Poloniarako bidean bertara zihoan beste kamioi batekin topo egin zuten errepidean, eta eurekaz harremanetan jarri ostean hartu zuten bertara joatearen erabakia bermeotarrek.
“Katowice leku estrategikoa da. Izan ere, Ukrainatik ihesean Europa mendebaldera joan gura duten guztiek bertatik pasatu behar dute, eta jende askok behar du laguntza”, azaldu du Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteko kideetako batek.
Han esperoan zeudenekin elkartu, eta autobus gidariek behar dituzten orduetan geldirik egon eta gero, gauerdian ekingo diote bueltako bideari, Euskal Herrirainoko 2.500 kilometroak egiteko; aurreikuspenen arabera, barikuan edo etzi goizalean helduko dira Euskal Herrira, ez dakite, baina, zein ordutan.
Erronka beteta
Iheslariak aurkitzea, biltzea eta batzea izan da, beraz, azken 24 orduetako erronka nagusiena Izaro Subeko kideentzat. Varsoviara ailegatu orduko hasi ziren sareak mugitzen, baina azken iheslariekin kontaktuan jartzea, eta ordua eta lekua zehaztea izan da eurentzako gogorrena. “Baita euren bizipenak entzutea ere, asko sufritu dutelako”, argitu dute.
Azken hemeretzi bidaiariak Krakoviatik gertu dagoen Katowicen jaso dituzte
Hala ere, argi geratu da laguntza sareak martxan dituztela ukrainarrek. Autobusean sartu diren batzuek zuzenean idatzi diote Lopez Izaro Subeko kideari, baina beste asko dira Polonian bizi eta ezezagunei laguntza eskaintzeko ahalegina egin dutenak. Batzuk eta besteak elkarri laguntzeko prest daude, argi dago. Nastya izan da Izaro Subekoen iturri nagusiena Poloniara ailegatu aurretik eta bertan daudela, berak bildu baititu autobusean dauden ukrainarretako asko. “Oso eskertuta gaude, sekulako lana egin du, eta asko lagundu digu. Leku batean zein bestean beragaz gelditu dira, eta guztien NA zenbakia ere bidali digu berak2, adierazi dute antolatzaileek.
Autobusa betetzea zen helburua, eta hori lortzeagatik “oso pozik” daude bermeotarrak, hori baitzen helburu nagusiena. Poztasuna nabari zaie aurpegietan, eta orain, Euskal Herrira denak ondo ailegatzea gura dute. “Garrantzitsuena egin dugu, han geratu behar direnentzako elikagaiak eraman ditugu, eta ihes egin gura dutenei hori egiteko aukera eskaini diegu. Batzuk Euskal Herrian geratuko dira, eta beste batzuek bidean aurrera jarraituko dute”.